Alex Mozas: “Helburu nagusia partiduan ongi sartzea izanen da”

2025/10/24
Irudek Bidasoa Irunek Guadalajara taldea jasoko du bihar (urriaren 25ean), Artalekun, 19:30ean. Europako Txapelketan porrot egin ondotik, Nexus Energia ASOBAL Ligako helburuei eutsi beharko die talde irundarrak, bi puntuak lortuz hain zuzen ere. Bere aurkaria maila baxuagoko talde bat izanen bada ere, Alex Mozas entrenatzaileak onartu du neurketa zaila izanen dela eta ongi kantxaratu beharko direla garaipena eskuratu ahal izateko.
Alex Mozas: “Helburu nagusia partiduan ongi sartzea izanen da”

Irudek Bidasoa Irunek, Europako Txapelketa alde batera utzita, Nexus Energia ASOBAL Ligako helburuei eutsi beharko dio berriz ere. Horretarako, Guadalajara taldea jasoko du bihar (urriaren 25ean) Irungo taldeak, 19:30ean. Barça eta Flensburg izan dira bidasotarren azken aurkariak, Champions Leagueko mailako taldeak. Oraingo honetan, maila baxuagoa duen arerioa izanen dute aitzinean, baina garaipena eskuratzeko, etxekoek ezin izanen dute euren jokoa apaldu. 

Alex Mozas entrenatzaileak aipatu du azken astean ongi lehiatu dela taldea, kontuan hartuta maila handiko taldeak izan dituela aitzinean: “Eliteko taldeak izan ditugu aurrean azken astean, Barça eta Flensburg, Championseko taldeak. Ongi lehiatu dugu, baina zapore garratza dugu, ez baikara gai izan puntu bakar bat ateratzeko. Orain Ligako partidua heldu da, denetan garrantzitsua, hor garaipena lortzeak astearteko arratsaren antzekoa bizitzen segitzeko aukera emanen digulako. Horrela, neurketa ahalik eta hobekin prestatzen saiatu gara, ahalik eta gehien berreskuratzeko helburuarekin”. 

Guadalajara jasoko du Bidasoak bihar, ASOBAL Ligako zazpigarren jardunaldia jokatzeko. Maila baxuagoko taldea bada ere, partidua zaila izanen dela argi du Mozasek: “Taldeak ez du nabarmentzen den figurarik, baina talde oso landua da eta gaitasunak ditu. Taktikoki ona da eta horrek neurketa ongi prestatzera behartzen gaitu. Aurkari zaila izanen da, beraiek hemen irabazten duten guztia sorpresa izanen delako. Guretzat garrantzitsua izanen da puntuak ateratzea etxean, batez ere heldu den atsedenaldiari begira”. 

Beraz, bihar bi puntuak Artalekun gelditzeko gakoa, “partiduan ongi sartzea” izanen da. Horren ondotik, Bidasoak bere “jokoa inposatu” beharko du garaipena eskuratzeko, Guadalajarari momentu deserosoak eraginez. Nekea ere somatu du talde bidasotarrak eta  entrenatzaileak ere honela onartu du, hala ere, “plantilla aski zabala” duela ere azpimarratu du, behar diren aldaketa guztiak egiteko eta jokalari guztiek minutuak edukitzeko kantxan.