Alex Mozas: “Ligaren hasierari begira, garrantzitsua izanen litzateke Bragan irabaztea eta denboraldiko lehen helburu nagusia lortzea”

2025/09/04
Irudek Bidasoa Irunek Bragaren kontrako EHF European Leagueko Qualification Round-eko itzulerako partidua jokatuko du larunbatean, irailaren 6an, 18:00etan. Bederatzi goleko abantaila du talde horiak eta beraz, bere alde du kanporaketa. Hala ere, Bragaren kantxa zaila dela aipatu du entrenatzaileak eta errespetuz arituko dira garaipenaren bila.
Alex Mozas: “Ligaren hasierari begira, garrantzitsua izanen litzateke Bragan irabaztea eta denboraldiko lehen helburu nagusia lortzea”

Irudek Bidasoa Irunek EHF European Leagueko Qualification Round-eko itzulerako partidua jokatuko du larunbatean, irailaren 6an, Bragan (18:00). Artalekuko partiduan 35-26ko markagailuarekin irabazi zuen talde irundarrak eta beraz, abantailakin joanen da Bragaren etxera. Hala ere, bertako kantxa zaila dela kontuan hartu dute eta errespetuz jokatuko dutela adierazi du Alex Mozas entrenatzaileak. 

Hutsetik hastea bezala izanen da Bidasoarentzat Bragaren kontrako itzulerako partidua. Nahiz eta bederatzi goleko abantaila eduki, hortan ez pentsatzea erabaki du taldeak, presiorik ez sentitzeko eta “neurketa serio bat egiteko, irabazi ahal izateko”, Alex Mozasek aipatu duen bezala. Izan ere, Bragaren kantxa zaila dela argi utzi dute: “Braga talde arriskutsu bat da bere etxean. Hemen ez zuten euren ahalmen guztia erakutsi eta beraientzat, larunbateko partidua gorriz markatua dago. Gure alde dago kanporaketa, baina pista zaila da, Portugalgo taldeek han anitz sufritzen dute. Errespetua ematen digu”. 

Edonola ere, beldurrik gabe bidaiatuko dute Portugalera, jakinda aste honetan entrenamendu saio onak egin dituztela. “Aste oso ona izan da. Bi entrenamendu izan ditugu eta intentsitate handikoak izan dira. Oraindik ere gure onena ematetik urruti gaude, baina hurbiltzen ari gara”, aipatu du entrenatzaileak. Bigarren denboraldi honetan, talde tekniko eta jokalariak elkarri “hobeki egokitu” direla onartu du Mozasek: “Aldea dago pasa den denboralditik. Jokalariak argiago dute egin nahi dutena eta nik ere hobeki ezagutzen ditut. Bata besteari egokitu gara eta hori nabaritu zen pasa den astean ere. Berriek ere asko eman digute”. 

Larunbateko partiduaren gakoa erasoan fin ibiltzea izanen da. “Bertze egunean hamasei trantsizio egin genituen eta horietatik 13tan jaurti genuen. Hori garrantzitsua da gure jokoarentzat eta horrek partzial onak ematen dizkigu”, azpimarratu du prestatzaileak. Horrez gain, baloiak ez galtzea ere garrantzitsua izanen da: “Lehengoan 10-11 baloi galdu genituen soilik. Laster egiten duzunean arrisku gehiago dago baloiak galtzeko, baina hori onargarria da. Gutiago galtzen baditugu, garaipena ia ziurtatua dago”. 

Bidasoak argi du irabaztea garrantzitsua izanen dela. Alde batetik, denboraldiko lehen helburua lortuko luketeelako horrela: Europako Txapelketan egotea. Bertzetik, Ligaren hasierari begira, indarra emanen liokeelako taldeari. Beraz, hori izanen dute begiz jota larunbat honetan Bragan, irabazi eta helburuak lortzen hasi.