Alex Mozas: “Neurketa arriskutsua da, baina irabazi behar dugu”
2026/02/27
Irudek Bidasoa Irunek Viveros Herol BM Nava taldearen kontra lehiatuko da gaur bertan, otsailaren 27an, 20:30ean. Sailkapeneko goiko postuetan egoteko partidu garrantzitsua izanen da eta garaipena eskuratzea ezinbertzekoa izanen da Irungo taldearentzat. Lesioek eta nekeak baldintzatuta kantxaratuko dira Artalekun, baina profesionaltasunez arituko direla argitu dute.
Irudek Bidasoa Irunek Viveros Herol BM Nava jasoko du gaur, otsailaren 27an, 20:30ean Artalekun. THW Kiel taldearen kontra galdu ondotik, lesioekin eta nekearekin eginen diote aitzin ASOBAL Ligako talde arriskutsu bati. Garaipena eskuratzea berebizikoa izanen da Alex Mozasen taldearentzat, sailkapeneko goiko postuetan egon nahi badu, eta asteartekoa bezalako arrats magikoak bizitzen segitzeko.
Otsail bete-betea izan du Bidasoak eta dagoeneko hasi da esfortzuaren eraginak ordaintzen. Iñaki Peciñaren lesioa izan da horietako bat eta Alex Mozas entrenatzailea jokalari profesionalek duten exijentziaz kezkatu da: “Partiduen kopurua ez da hoberena jokalari profesionalentzat. Astean bi edukitzeak, eta hain maila altukoak gainera, neke fisiko handia dakar eta gehiago gureak bezalako plantilletan”. Alde positiboa ere atera nahi izan dio honi: “Egoera honen onena da gu bezalako taldeak handiagoak egiten direla momentu hauetan. Bertze jokalariek aitzinera pausu bat eman dute eta hori oso positiboa da, taldea indartsuagoa da orain”.
Kiel talde alemaniarraren kontra porrot egin ondotik, Nava jasoko du gaur Artalekun. Puntuen beharrean dagoen taldea da eta, horregatik beragatik, arriskutsua izanen da gaurko partidua: “Plantilla handia dute eta neguan gehiago indartu dira. Entrenatzailea ere aldatu dute eta Cangasi irabaztea lortu dute. Talde arriskutsua da, zalantzarik gabe. Beraiek garaitzea lortu genuen erraz, baina bertze egoera bat zen. Orain ezin izan dugu entrenatu, soilik bideoa ikusi dugu, eta hortan sinetsi beharko dugu”.
Etxeko partidu guztietan garaipena eskuratzea da orain Bidasoaren helburu nagusia, sailkapeneko goiko postuetan mantendu nahi bada. Ez da erraza izanen, Mozasek dioen bezala, baina egin beharreko lana da. Jokalariekin hitz egin du prestatzaileak eta neurketaren garrantzia helarazten saiatu da: “Partiduaren garrantziaz jabetzea nahi dut, nahiz eta dagoeneko badakiten. Kielen kontra jokatzeak motibazio berezia dakar, baina gaurko neurketan profesionalak izatea ezinbertzekoa izanen da sailkapeneko goiko postuetan egon ahal izateko”.
Mezu bera helarazi nahi izan die Mozasek zaleei ere: “Zaleentzat ere bertze partidu batzuk politagoak dira ikusteko, baina ulertu behar dute Kielen kontra bezalako babesa jaso behar dugula oraingo honetan ere. Horrek aitzinera bultzatu egiten gaitu eta, erregularki jasotzen badugu, aitzinera pausu bat emanen dugu”.
Azkenik, partiduaren gakoak ere aipatu ditu entrenatzaileak: “Neurketaren kontrola eduki behar dugu. Baloi guti galdu, ongi defendatu, gol errazik ez jaso eta proposatzen duten horretara egokitu behar gara. Horrez gain, egonkorrak izan behar gara edozein egoeratan eta partiduaren ideiarekin segitu”.