Alex Mozas: “Partidu hau jokatzeko berezia da”
Irudek Bidasoa Irunek Granollers bisitatuko du gaur, abenduaren 17an, 21:00etan. Norgehiagoka berezia izaten da beti bidasotarren eta kataluniarren artekoa, kantxan erakusten duten joko eta lehiagatik. Hala ere, oraingo honetan, nekeak eta bajek baldintzatuko dute neurketaren erritmoa eta bertzelako borroka izatea aurreikusi dute bi aldeek. Edonola ere, gelditzen den indarra bildu eta garaipena eskuratzeko helburua izanen dute, saria handia baita urte modu onean bukatzea ahalbidetzen duena.
Alex Mozas entrenatzaileak azaldu du, Granollers eta Bidasoaren arteko partidu hau “berezia" dela, nahiz eta oraingo honetan baldintzapean jokatuko duten bi aldea: “Asteazkenean izateak ez du laguntzen eta, gainera, lehen itzuli gogorra izan dugu bi taldeek. Horrek sufriarazi gaitu eta bajak edukitzea eragin du. Hala ere, Palauen sartzea berezia da eta guzti honek garrantzia galtzen du”. Europako Txapelketa jokatzen aritu dira kataluniarrak eta bidasotarrak azken hilabetean eta biak Main Round-era sailkatzea lortu dute. Positiboa izan da hau, baina aldi berean, lesioak eta emaitza txarren bolada ekarri ditu taldeetara, plantillak ez direlako hain handiak. Hala ere, azken asteetan berriz ere berreskuratu dira biak eta dagoeneko prest daude urteari behar bezalako bukaera emateko.
Granollerseko jokalariak “talentu handikoak” direla azpimarratu du Mozasek, baina baita Bidasoakoak ere. “Jende gaztea eta ona dute eta neurketa polita izanen da, beti bezala”, aitortu du entrenatzaileak. Kataluniarrek “gola erraz” sartzen duela onartu du, batez ere “kontraerasoan”. Horrez gain, “bat baten kontrako jokaldietan oso exijenteak dira”. Honen kontra, Bidasoak “defentsa ona” kantxaratu beharko du eta “partiduaren erritmoa kontrolatu”, Mozasek aipatu duenez. Erasoan “jaurtiketa guztiak errematatu behar dituztela” ere erran du. Honekin guztiarekin, talde irundarraren helburua hurbil izanen da, hain zuzen ere denboraldiaren lehen itzulia 23 punturekin bukatzea.