Alex Mozas: “Pasa den denboraldian irabazteko puntuan izan ginen eta aurten garaipena lortzera aterako gara”
Irudek Bidasoa Irunek Nexus Energia ASOBAL Ligako seigarren jardunaldia jokatuko du gaur Barçaren kontra, Palau Blaugranan (21:00). Talde irundarrak ASOBAL Ligan jokatzen duen 800. partidua izanen da gaurkoa eta jokalari eta teknikariak prest daude efemeride honetan kataluniarrak garaitzen saiatzeko. Pasa den denboraldian hori lortzeko puntuan gelditu ziren bidasotarrak eta aurten azken urteetako helburu nagusi hori eskuratu nahi dute, Europako talde onenetarikoari bati puntuak kentzeko alegia.
Errumaniatik zuzenean Bartzelonara ailegatu dira Bidasoako jokalari eta teknikariak, gaur jokatuko den partidua hobeki prestatu ahal izateko. Denboraldi hasiera honetan talde horiak ez du porrota ezagutu eta Potaissaren kontrako partiduaren ere garaipena eskuratu zuen, estu izan bazen ere. Dinamika on horretan iritsiko da Palau Blaugranara Alex Mozasen taldea, denboraldiz denboraldi zirrara berezia sortzen duen partidua jokatzera: “Entrenatzeko denbora guti izan dugu, baina bi taldeek ere baliabideak ditugu partidu honi egoera hoberenean aitzin egiteko. Turdan ez genuen gure mailarik onena eman, baina badakit hobeki azaldu gaitezkeela orain eta irabaz dezakegula. Palauera bisita denboraldiko berezienetarikoa da. Europako lau talde onenen artean dago Barça eta erronka bat da, motibazio berezia ere dakarrena”.
Pasa den denboraldian, Barçaren etxean garaipena eskuratzeko puntuan egon zen Bidasoa eta aurten hori lortzeko gai ikusten du bere burua. Efemeride berezi batean ere eginen luke hori, gaurkoa talde horiak ASOBAL Ligaren historian jokatzen duen 800. neurketa izanen delako. Mozasek zifra hori goraipatu du: “Zifra honek aski ongi hitz egiten du kluba. Talde anitzen ezin dute erran hainbertze partidu jokatu dituztenik. Ligako bi edo hiru talde historikoen artean gaude eta gaurkoa derbi historia da baita ere. Europako talde onenetariko baten kontra gure 800. partidua jokatzea oso positiboa da”.
Ez da erraza izanen helburua hau lortzea, baina garaipena eskuratzeko gakoak ere ongi ikasiak ditu Bidasoak. Lehena “kontraerasoak sahiestea” izanen da, Mozasen hitzetan, Barçak “dinamismo eta abiadura” handia baitu horrelakoetan eta zaila da honi aitzin egitea. Horrez gain, baloi galerak ere kontrolatu beharko dituztela dio entrenatzaileak: “Gure baloi galeren zenbaki baxuarekin segitu behar dugu. Eurek eragiten dituzte baloi galera horiek gutitu behar ditugu, horrekin ere beraien kontraerasoak kontrolatzeko”. Prestatzaileak erran duenez, gaurkoa “pasa den urteko partiduaren antzekoa” izatea espero du, horren erran nahiko baitu “azken momentura arte irabazteko aukerak izanen” dituztela. Azken detaile bezala, atsedenaldira fresko ailegatzea da bertze puntu garrantzitsu bat ere. Bidasoak berez badu gaitasuna bigarren zatian neurketa apurtzeko, baina horra ongi ailegatzea ere izanen da gakoa.
Zortzi partidu darama Alex Mozasen taldeak galdu gabe eta mentalki ongi dagoela ere onartu du, fisikoa izanen da hemen erabakigarria, baina horretarako entrenamenduen intentsitatea kontrolatu du taldeak, gorputza “berreskuratzea” izan da garrantzitsuena, saioetan “intentsitate handia” jarri baino. Horren guztiaren fruitua gaur ikusi ahal izanen da Palau Blaugranan, 21:00etan. 800. partidua izanen da talde horiarentzat eta bi puntuak eskuratzea zoragarria izanen litzateke jokalari eta teknikarientzat.