Alex Mozas: “Pazientzia edukitzea izanen da gakoa, azken bost minutura arte parekatua egon daitekeelako partidua”
Bidasoa Irunek Viveros Herol BM Nava taldearen kontrako partidua jokatuko du bihar, urriaren 4an, 20:00etan. Nexus Energia ASOBAL Ligako laugarren jardunaldia izanen da eta talde horiarentzat bidaiarik zailenetariko bat izanen da. Aurkariaren pabilioia Ligako gogorrenetarikoa omen da, Alex Mozasen hitzetan, txikia izateaz gain, zale sutsuek goraino betetzen dutelako. Horrez gain, Nava talde sendoa eta plantilla onekoa da eta etxean ez ditu puntuak berehala oparitzen.
Alex Mozas entrenatzaileak onartu du biharko partidurako eszenatokia, “Ligako berezienetarikoa” dela. Pabilioi txikia omen da Nava de la Asuncionekoa, baina goraino betetzen dute beti bertako zale sutsuek: “Edukiera gutxi du pabilioiak, baina zaleek asko estutzen dute”. Horrez gain, Navak talde ona duela ere azpimarratu du Mozasek. “Urteak daramatzate elitean, gauzak ongi eginez. Emaitza onak lortzen ari dira eta bidaiarik zailenetarikoa da bisitarientzat”, gaineratu du Mozasek. Hala ere, hara joateko momentu egokia da Bidasoarentzat, entrenatzailearen ustez: “Bidaia luzeak denak elkarrekin egokitu zaizkigu eta ona da guretzat, momentu onean gaudelako ere. Arantza bat gehiago kentzeko aukera dugu orain”.
Edonola ere, partidu zaila izanen dela ziurtatu du prestatzaileak: “Neurketa zaila eta parekatua izanen da. Talde berritu bat dute, bertze filosofia batekin eta jende gaztearekin. Ez dizkigute gauzak erraz jarriko. Pabilioia kontuan hartu beharko dugu, baita eurek etxean ateratzen dituzten puntu pila. Horri guztiari aurre egin beharko diogu”. Horretarako, aste honetan zehar “deus berezirik” ez dutela landu adierazi du Mozasek. Betiko moduan “ongi” entrenatu dute bidasotarrek eta egindako lan hori baliatuko dute “60 minutuz ongi egoteko”. Gakoa zein izanen den ere argitu du entrenatzaileak: “Pazientzia edukitzea izanen da gakoa, azken bost minutura arte parekatua egon daitekeelako partidua. Erritmoarekin jokatu behar dugu eta horrek eraso asko bukatzera eramanen gaitu. Horrez gain, orain arteko defentsa eta atezainaren lanarekin segitu beharko dugu”.
Bidasoa Irun sailkapeneko hirugarren postuan dago orain kokatuta, bost punturekin. Aitzinetik, Granollers eta Torrelavega ditu, puntu bat gehiagorekin biak. Dinamika onean dago talde irundarra eta horrela segitu nahiko du asteburu honetan ere, etxetik kanpoa ere sendo mantendu daitekeela erakutsiz.