Anagan Koparen finala jokatuko da asteburuan Jaizubia Hipika Klubean
Jaizubia Hipika Klubak III Anagan Koparen finala hartuko du asteburuan, irailaren 13 eta 14an hain zuzen ere. Kopa Mungian, Getxon, Zizurren eta Herasen izan da azken hilabeteetan, eta azkenik Irunera ailegatuko da bere final handian. Goi mailako zaldizko eta amazonak izanen dira bertan lehian, hala nola, Alvaro (Espainiako Hipika Federazioaren 2025eko rankingean 4. postuan dagoena) eta Kevin Gonzalez de Zarate (12. postuan), Xabier Zabaleta irundarra edo Peio Elorduy (12. postuan). Guztira, 200 irteera baino gehiago egonen direla aurreikusi dute, heldu eta haurren artean, eta sariak ere handiak izanen dira irabazleentzat. Izan ere, 6.000 euro banatuko dira eskudirutan, garaileen artean, eta bertzelako opariak ere izanen dira partehartzaileentzat.
Irungo Udalaren eta Gipuzkoako eta Euskadiko Hipika Federazioaren laguntzarekin, Jaizubia klubak Anagan Koparen finala antolatu du aurtengoan. Irailaren 13 eta 14an ospatuko da beraz, klubaren Irungo instalakuntzetan eta berezia izanen da. Hain zuzen ere, goi mailako zaldizko eta amazonak arituko direlako bertan lehian, tartean Xabier Zabaleta irundarra ere. Berekin batera, Alvaro eta Kevin Gonzalez de Zarate eta Peio Elorduy egonen dira, bertzeak bertze. Itziar Urtizberea Jaizubia Hipika Klubeko presidenteak azaldu duenez, "guztira 200 zaldizko eta amazona arituko dira lehian asteburuan Jaizubian". Haur eta helduek hartuko dute parte, 0,50 eta 1,30 metro arteko jauziak gainditzen. Garaileek ere sari handiak eskuratuko dituzte, 6.000 euro banatuko baitzaie irabazleei eskudirutan. Hortaz gain, bertzelako opariak ere banatuko dira asteburuan.
Larunbatean 9:30ean hasiko da lehia eta igandean berriz, 9:00etan. Bi egunez jokatuko dira probak eta denbora guzti horretan, Jaizubiako instalakuntzak irekiak egonen dira publiko orokorrarentzat. Nahi duen orok txapelketaz gozatzeko aukera izanen du, doan, eta horretarako, klubetik erraztasun guztiak jarriko dira, jendeari mugikortasuna errazteko.