Baztan-Bidasoaldeko futbol talde nagusi bakar batek ere ez du garaipenik lortu asteburuan
Gipuzkoako Ligan, Beti Gazteko Ohorezko Erregional mailako emakumeek 0-5 galdu zuten, pasa den larunbatean, Antiguokoren kontra. Mastegin jokatzen zuten denboraldiko azken jardunaldia izan zen. Aurkaria ere gogorra izan zen etxean nahi zutena egiteko. Hala ere, lesakarrak zelaian ongi kokatu ziren hasieran, nahiz eta jokoa bisitariena izan zen. Lehen zatian, bi gol sartu zituen Antiguokok eta atsedenaldian, hau iraultzea posible zela uste zuten etxekoek. Bigarren zatian, joko berarekin segitu zuten bi taldeek eta beraz, Antiguokok bertze hiru gol sartzea lortu zuen, behin-betiko emaitza 0-5ekoa bihurtuz. Pena izan zen etxean, azken partiduan, porrot egitea, baina denboraldi bukaera begira ari da Beti Gazte, Ainara Otxoteko bigarren entrenatzaileak azpimarratu duenez. Hain zuzen ere, Lagun Onak talde azpeitiarraren kontra jokatuko dutena, ortziralean (maiatzaren 16an) 19:30ean.
Beti Gazteko Ohorezko Erregional mailako gizonezkoek berriz, bana berdinduta bukatu zuten Hernaniren kontrako partiduan. Javier Escagües entrenatzaileak onartu duenez, partidu kaskarra jokatu zuten lesakarrek. Puntuetan berdinduta zeuden bi talde izan ziren aurrez aurre eta, horregatik beragatik, neurketa garrantzitsua. Hernanik bat gutxiagorekin jokatu zuen ia partidu osoan zehar, baina joko ona erakutsi zuen etxeko zelaian. Beti Gaztek ere indarra erakutsi zuen eta lan ona egin zuen emaitza berdintzeko. 1-1ekoarekin puntuak banatu zituzten azkenean, eta garaipena ez lortzeak pena eragin bazien ere, emaitza ontzat eman zuten lesakarrek. Hurrengo asteburuan, partidu garrantzitsua jokatuko dute etxean, Mastegin, Deustoren kontra. Igandean, maiatzaren 18an, 17:00etan izanen da partidua eta irabaziz gero, matematikoki, maila mantenduko luke Lesakako taldeak.
Erregional mailako Gure Txokoak Axular Lizeoaren kontra galdu zuen, 5-1eko markagailuarekin. Atsedenaldira 2-0ekoarekin joan ziren bi taldeak eta bigarren zatian, indarrez zelairatu ziren beratarrak, honi buelta emateko asmoz. Gol bat sartzea ere lortu zuten, Kenai Garciaren eskutik, baina ez zen nahikoa izan neurketa berdintzeko ere. Etxeko taldeak bere nagusitasuna erakutsi eta bertze hiru gol sartuta, bere alde jarri zuen behin-betiko markagailua. Heldu den larunbatean (maiatzaren 17an), Matzadan ariko da Gure Txokoa, Behobiarekin kontra, 18:30ean.
Nafarroako Ligan, Lehen Maila Autonomikoko Baztanek ere porrot egin zuen Lerines taldearen kontra, 3-1eko markagailuarekin. Etxeko taldeak hartu zuen aitzina eta 1-0ekoa ezarri zuen hogeigarren minutuaren bueltan. Baztandarrek ongi erantzun eta neurketa berdintzea lortu zuten atsedenaldira bidean, Imanol Goienetxeri esker. Hala ere, lehen zatiaren bukaeran Lerinesek bigarren gola sartu zuen eta 2-1ekoarekin hasi zuten bigarren zatian. Azken 45 minutuetan baztandarrak saiatu ziren emaitza berriz ere berdintzen, baina ez zuten lortu. Luzapenean, 97. minutuan, Lerinesek hirugarren eta azken gola sartu zuen eta erabakita utzi zuen neurketa. Heldu den larunbatean, Giltxaurdin jasoko du Baztanek Alesves, 18:00etan.
Azkenik, Preferente mailako Doneztebek bina berdinduta bukatu zuen Beriainekin, denboraldiko azken partiduan. Doneztebarrek bazekiten dagoeneko mailaz igoko zirela eta beraz, azken neurketa honen emaitzak ez zuen eragin gehiegirik euren sailkapenean. Lehen zatian 2-0ekoa ezarri zuten etxekoak eta bigarren zatian lortu zuen Doneztebek emaitza berdintzea, Fermin Estangak eta Aimar Sarrateak sartutako golei eskera. Puntu bat atera zuen honela Doneztebek denboraldiko azken jardunaldian eta ospakizunei ere hasiera eman zien. Beriainetik bueltan, herriko zaleak esperoan zituzten Lehen Maila Autonomikora igoera ospatzeko, hain zuzen ere. Denboraldi bikaina osatu du Doneztebek aurten eta sailkapeneko liderra izan da ia urte guztian zehar. Lehen postuan bukatu du denboraldia, 68 punturekin guztira, 20 partidu irabaziz, 8 berdinduz eta bi soilik galduz.