Berrikuntza nabarmenekin ospatuko da igandean 105. Done Pedro Sari Nagusia
2026/06/02
Irunes Txirrindularitza Taldeak antolatuta, Done Pedro Sari Nagusiaren 105. edizioa ospatuko da igande honetan, ekainaren 7an, Irunen. 9:15ean hasiko da Urdanibia Plazatik eta eguerdi aldean helmugaratuko da San Martzial Kalean. Berrikuntza nabarmenak ere izanen ditu aurtengo edizioak, Malerrekatik eta Baztandik kilometro andana eginen dituelako, tartean Bidasoa Itzulian ohikoa bihurtu den Amaiurreko buklea. Horrez gain, bukaeran, Erlaitz igo beharrean, txirrindulariek Olaberria zeharkatuko dute.
Done Pedro Sari Nagusiaren 105. edizioa ospatuko da heldu den igandean, ekainaren 7an, Irunes Txirrindularitza Taldeak antolatua. Berrikuntza nabarmenak izanen ditu aurtengo lasterketak, izan ere, garaipena erabakiko duten lau mendate igaro beharko ditu tropelak: Gaztelurako bidea, Otsondo, San Martzial eta Olaberria. Bidasoa Itzulian dagoeneko ohiko bihurtu den Amaiurko buklea ere eginen dute txirrindulariek proba honetan estreinakoz. Horrek guztiak parte hartzaileen artean desberdintasunak sortuko ditu eta, antolatzaileek erranetan, bukaera indartsua duten horiek izanen dute aukera gehien helmugan besoak altxatzeko.
Berritasun nabarmen batzuekin bueltan da Done Pedro Sari Nagusia. 105. edizioa izanen da, erraz erraten den zifra, baina dagoeneko historia luzea duen proba dela baieztatzen duena. “Oinarria mantentzen” duela onartu du Jorge Garcia Irunes Txirrindularitza Taldeko zuzendaritza taldeko kideak, baina “mendate nabariak” izanen dituela aurtengoan, zehazki “lau malda potente”. Irundik abiatuko da lasterketa igandean, 9:15ean, eta Bidasoa Ibaian gora, tropela Nafarroara joanen dela azaldu du Garciak: “Bidasoa Ibaian gora, Doneztebe pasatuta izango dute txirrindulariek lehen txanpa. Legasatik Gaztelura igoko dira, tropelean lehen puntua markatuko duena. Bailaratik gora eginda, Bidasoa Itzulian klasikoa dena, baina estreinakoz hemen egingo dena iritsiko da. Amaiurko buelta egingo dugu, herria zeharkatu eta porlanezko bidea hartu. Hori amaituta, Otsondo mendatean gaudela, maldan behera ibarra osoan zehar joango gara, Endarlatsa zeharkatuta, Irundik buelta emateko. Hor mendate garrantzitsuenak igoko dira. Lastaolatik San Martzial igoko da eta gero, Olaberria. Bi haien artean, Irun osoa inguratuko dugu. Helmuga San Martzial kalean egongo da”.
Jorge Garciak oroitarazi du “afizionatu mailako lasterketa” dela eta aurten ere “partaidetza garrantzitsua espero” dutela. Guztira, “150-160” lasterkarik hartuko dute igandean Irunen irteera. Euskal Herriko talde guztiek izanen dute ordezkaritza hemen eta etxeko lasterkariek ere parte hartuko dute: “Oraindik ez dugu konfirmatu zenbat, baina etxeko txirrindulariak ere izango ditugu, Irunesetik pasatutakoak, baita bailarakoak ere”. Gainera, aitzindu duenez, horietako baten batek aukerak izanen ditu San Martzial kalean besoak altxatzeko. “Erlaitz gabe igotzaileek aukera izanen dute, baina batez ere amaiera indartsua dutenek”, eta horien artean, etxekoren baten izena azalduko dela espero du Irunes Taldeko kideak.