Beti Gazte sailkapeneko liderra da lehen jardunaldiaren ondotik
Gipuzkoako Ligako Ohorezko Erregional mailako Beti Gaztek denboraldia hasi berri du. Pasa den igande arratsaldean, Mastegin, Deustoren kontra jokatu zuten lesakarrek eta 6-1eko markagailuarekin irabazi zieten donostiarrei. Eloi Basse oronoztarraren hiru golek, Jon Zabala aranztarraren bertze bik eta Deustok bere atean sartutako bertze batek eman zieten garaipena etxekoei.
Eneko Ferradas entrenatzaileak “oso positibotzat” jo du igandeko lehen garaipena, “bai animikoki, bai joko aldetik” garrantzitsua baita modu honetan hasiera ematea denboraldiari. Hala ere, “hainbeste entrenamenduren ondotik, garrantzitsuena txapelketa hastea” dela azpimarratu du Ferradasek, “taldeak bere burua zelaian ikustea” alegia. Horregatik beragatik, “lehen jardunaldiak beti gogorrak” direla oroitarazi zuen, “ez dakizulako inoiz zer aurkituko duzun zelaian”.
Lesakarrek euren lekua inoiz baino hobeki aurkitu zuten Mastegin igandean. “Maila jeitsi gabe” aritu zirela azpimarratu du Ferradasek. Hain zuzen ere, hasieratik hasi ziren agintzen etxekoak. Jon Calvok sartu zuen lehen gola, bere atean, eta beraz, markagailua ireki zion Beti Gazteri. Honen ondotik, Eloi Bassek eta Jon Zabalak gol bana eskuratu zituzten, azken honek penaltiz, eta atsedenaldira 3-0ekoarekin joan zen taldea. Bigarren zatian, erritmo berarekin zelairatu ziren lesakarrak eta lehen 45 minutuetako lan ona borobildu bertzerik ez zuten egin. Bassek bertze bi gol sartu zituen eta Zabalak bat gehiago ere. Deustok ere puntua eskuratu zuen, Cesar Nguemaren eskutik, baina ez zen nahikoa izan Beti Gazteren nagusitasuna apaltzeko.
Lehen partidu arrakastatsu honen ondotik, entrenatzaileak jokalariak zoriondu nahi izan ditu, baita zaleek zelaian jarritako giro beroa goraipatu ere: “Jokalariak eta taldea zoriondu behar dira, maila onean jokatu zutelako lehen jardunaldi honetan. Defentsan sendo aritu ziren, nortasuna erakutsiz eta aukerak ongi aprobetxatuz. Zelaian ere giro ona bizitu zen eta taldek hori eskertu zuen”. Hala ere, Ferradasek ez du ahantzi oraindik lan handia gelditzen zaiela aitzinetik: “Oraindik zuzentzeko gauzak daude eta lan handia dugu aurretik joko aldetik, bai indibidualki, baita talde mailan ere”. Edonola ere, ezin uka garaipen batek motibazio berezia ematen diola taldeari, luze eginen den denboraldiari aurre egiteko eta lanari ere gogoz ekiteko. Hain zuzen ere, sailkapeneko liderrak izanda, gogoz eta ilusioz eginen diote aurre heldu den asteburuko partiduari. Lesakarrek Euskalduna Andoaindarra SD taldea bisitatuko dute heldu den igandean, irailaren 21ean, 17:00etan.