Beti Gaztek bigarren garaipena segidan lortu du asteburuan
Gipuzkoako Ligako Ohorezko Erregional mailako Beti Gaztek ezin hobe hasi du denboraldia. Pasa den igande arratsaldean, Euskalduna Andoaindarra taldea bisitatuko zuen denboraldiko bigarren jardunaldia jokatzeko eta bertze garaipen batekin bueltatu zen etxera, 0-3ko margailua erdietsita. Erregional Lehen mailan ari den Gure Txokoak aldiz, ez zuen zorte bera izan. Lehen jardunaldia jokatu zuten hauek, larunbat arratsaldean, eta ezin izan zuten Ostadar taldea garaitu. 1-0eko emaitzarekin porro egin zuten beratarrek eta punturik batu gabe bukatu zuten asteburua.
Beti Gaztek Ohorezko Erregional mailako lidergotza mantentzen du bigarren jardunaldiaren ondotik. Euskalduna Andoaindarra bisitatu zuen pasa den igande arratsaldean eta 0-3ko markagailuarekin garaitu zuen aurkaria. Joko ona erakutsi zuten lesakarrek etxetik kanpo eta konfiantzaz beteak bueltatu ziren etxera, hiru puntu gehiago poltsikoratuta. Eneko Ferradas entrenatzailea ere pozik azaldu da bere jokalariek egindako lanarekin: “Pozik gaude emaitzarekin. Kanpoan beti zaila da eta bagenekin Euskaldunak lana emango zigula, igo berria den taldea baita eta dinamika onean dagoena. Hala ere, 0-3 egin genuen etxetik kanpo eta horrek konfiantza eman digu. Lehiakorrak izan gara eta jokalariek lan serioa egin zuten bertan. Jokalarien jarrera zoriontzekoa izan zen”.
Lehen zatian 0-1ekoa lortu zuen Beti Gaztek eta hori errematatu bertzerik ez zuten egin bigarren zatian. Emaitzan nagusitasuna islatzen bada ere, Ferradasek aitortu du “zenbait zatitan aurkaria hobea izan” zela, baina lesakarrek ez zutela sufritu ere onartu du eta euren aukerak ere ongi aprobetxatu zituztela golak sartzeko. “Gehiago ere aprobetxatzen ahal genituen, baina 0-3 irabaztea ez da erraza eta etxetik kanpo puntuak eskuratzea garrantzitsua da”, gaineratu du entrenatzaileak. Bi neurketa irabazita, sei puntu batuta eta lider bilakatuta ere, lanean segitu behar dutela azpimarratu du prestatzaileak: “Gauza dezente ditugu oraindik hobetzeko, lan handia dugu aurretik. Zenbait gauza azpimarratu behar ditugu eta zuzendu, baina asteburu honetan emandako irudi berbera errepikatu nahi dugu larunbatean etxean ere”. Hain zuzen ere, dinamika ezin hobean bueltatuko dira Mastegira jokatzera heldu den larunbatean, irailaren 27an, 17:00etan. Mondragon izanen dute aitzinean, porrot bat eta bertze garaipen bat lortuta azalduko den taldea alegia.
Gure Txokoak porrot egin zuen denboraldiko lehen jardunaldian
Gure Txokoak Erregional Lehen mailako denboraldiko lehen jardunaldia jokatu zuen pasa den larunbat arratsaldean. Ostadar bisitatu zuen horretarako eta punturik batu gabe bueltatu zen etxera, 1-0eko markagailuarekin porrot eginda. Mikel Esnaola entrenatzaileak kontatu duenez, “partidua ongi hasi genuen, lehen hiru minutuetan bi aukera sortuz. Joko aldetik gehiago izan ginen eta partiduaren buruzagitza genuen”. Hala ere, aurkaria partiduan sartzen joan zen poliki-poliki eta euren tokia aurkitu zuten. Beratarrek momentu horietan ere jakin zuten euren indarra mantentzen eta horrela, Ostadarrek izan zituen aukerei ongi erantzuten, golak sahiestuz eta atsedenaldira 0-0ekoarekin ailegatuz.
Bigarren zatia nahiko parekatua hasi zen bi taldeentzat ere, nahiz eta ordu laurdenera ailegatu zen etxekoen gola. “Korner on batean bidez ailegatu zen. Blokeatze on bat egin zuen haietako batek eta gola sartu zuen”, adierazi du Esnaolak. Hortik aitzinera, “bihotz gehiagorekin buruarekin baino” jokatu zuen Gure Txokoak, baina aukeraren bat sortzeko gai izan zen, nahiz eta aurkariaren atezainak geldiketa onak egin eta beraz, aukera horiek ezerezean gelditu. Entrenatzaileak onartu duenez, “partidu hauetan estrategiak du garrantzia, bai erasoan baita defentsan ere. Korner batean erabaki zen partidua eta jokalri horietan gogorragoak izaten ikasi beharko dugu”. Horretarako, “lanean segitzeko” konpromezu garbia du taldeak, hori izanen baita hurrengo asteburuetan “joko jobea” izatearen gakoa, baita puntuak lortzearenak ere.