Beti Gaztek eta Gure Txokoak puntuak batzen bukatu dute urtea

2025/12/23
Lesakarrek bana berdindu zuten Beasain Bren kontra, garaipena eskura izan ondotik. Zapore gazi-gozoarekin bukatu zuten azken jardunaldia, baina taldeak balorazio positiboa egin du denboraldiko lehen zati honen inguruan. Beratarrek berriz, 3-1 garaitu zuten Behobia B. Maldan gora jarri zitzaien hauei partidua lehen minutuetan, baina gai izan ziren markagailuari buelta emateko eta jardunaldiko hiru puntuak poltsikoratzeko.
Beti Gaztek eta Gure Txokoak puntuak batzen bukatu dute urtea

Gipuzkoako Ligan ari diren Bortzirietako bi futbol talde nagusiek puntuak batu dituzte urteko azken jardunaldian. Ohorezko Erregional mailan jokatzen duen Beti Gaztek 1-1 berdindu zuen Beasain Brekin. Erregionaleko Lehen mailan ari den Gure Txokoak berriz, 3-1 garaitu zuen Behobia B, urteko azken partiduetako helburrua eskuratuz eta sailkapenean ere gora eginez. 

Lesakarrek Beasain Bren kontra jokatu zuten urteko azken partidua eta aldez aitzinetik bazekiten Gabonetako atsedena ongi hasteko aukera ona zutela Loinaz zelaian. Zaila izanen zela ere jakitun ziren, baina irabazteko asmo garbia zuen taldeak Eneko Ferradas entrenatzaileak erran duen moduan. Partidua zailtasunekin hasi zen Beti Gazterentzat, “etxekoak erasoan ongi ari zirelako”, baina hala ere, “hiruzpalau aukera garbi eduki” zituzten eta horietako bat ate barrura sartu zen, Jon Zabalaren bitartez. Horrek eragin positiboa izan zuen taldean eta “baloiarekin normalean baino hobe eta erosoago” aritu ziren lesakarrak. Atsedenaldira 0-1ekoarekin joan ziren eta bigarrenean, garaipena eskuratzeko abantaila zutela ikusi zuten. 

Bigarren zatian ordea, Beasainek hasieratik erakutsi zuen ez zegoela galtzeko prest eta Beti Gazteri kosta egin zitzaion baloia edukitzea. Hala ere, aukerak sortzen segitu zuten, nahiz eta asmatu ezinik aritu. Neurketaren azken txanpan, garaipenak ihes egin zion Ferradasen taldeari: “Baloi geldi bat despejatu ondoren, bigarren akzioan, 1-1ekoa jarri zuten. Hor partidua aldrebestu zen. Hala ere, taldeak lortu zuen azken denboran ongi sufritzea eta lan ona egitea. Luzapenean, aukera garbi bat eduki genuen emaitzari buelta emateko, baina ez genuen lortu sartzea”. 

Azkenik, berdinketarekin bukatu zen urteko azken partidua. “Penaz”, baina etxetik kanpo puntu bat eskuratuta pozik ere bukatu zuten asteburuko jardunaldia lesakarrek. Ferradas entrenatzaileak adierazi duenez, “helburua hiru puntuak ziren, eta pena da gure lan ona ez dugulako emaitzetan isladatu, batez ere sailkapenean pixkat gorago egoteko. Azkenean ez dugu asmatu eta puntu horrekin konformatu behar gara, etxetik kanpo hori lortzea garrantzitsua baita”. Prestatzaileak gainera, mezu positibo batekin bukatu nahi izan du urtea: “Taldea oso ondo ari da entrenatzen eta konpromiso eta autoexijentzia maila altua du. Denboraldia oso ondo doa guretzat, baina autokritika eginez, garbi eduki behar dugu zertxobait hobeto egoteko aukera ere eduki dugula eta ez dugula aprobetxatu. Lehen itzulia bukatzeko bi partidu gelditzen zaizkigu eta horietan saiatuko gara gorago egoten. Ez badugu lortzen, badakigu aurrerago ere hori lor dezakegula. Balorazio oso positiboa egiten baitut denboraldiko lehen zati honetaz”. 

Gure Txokoak hiru puntuak lortuta bukatu du urtea

Gure Txokoak 3-1 garaitu zuen, pasa den igande goizean, Behobia B taldea. Azken sailkatu zen aurkaria, baina partidua ez zen horregatik errazagoa izan. Maldan gora jarri baitzitzaion Berako taldeari neurketa lehen minutuetan. Mikel Esnaola entrenatzaileak kontatu duenez, “gu hobeki zelairatu ginen, baina kontraeraso batean, 15. minutuan, eurek korner bat lortu zuten, ez genuena ongi defenditu, eta gola sartu zuten”. Etxeko taldea urduritu zen orduan, “joaneko partiduan bezala, azken sailkatuaren kontra galtzen ari” baitziren, are gehiago jakinda sailkapenean goian egoteko, garaipena beharrezkoa zutela. Kikildu beharrean, “aurrerapausu” bat eman zuten beratarrek eta aukerak sortzen hasi ziren. Hasieran asmatu ezinik ibili baziren ere, azkenik, 1-1ekoa ezarri zuten atsedenaldirako. 

Bigarren zatia garaipena eskuratzeko asmo garbiarekin hasi zuen Mikel Esnaolaren taldeak, nahiz eta urduri ere zeuden emaitza ez zegoelako guztiz euren alde. Hala ere, aukerak sortzen segitu zuten Andoni Telletxeak bigarrena lortu zuen arte. “Lasaitasunaren gola” izan zen entrenatzailearen erranetan, nahiz eta oraindik ere “emaitza motza” zen eta “tentsioa” ere nabarmena. Lanean segitu zuten orduan eta, neurketaren azken txanpan, hirugarren eta azken gola sartu zuen Enaitz Portuk, orduan bai taldeak arnasa hartu zuen eta erabakita utzi zuen garaipena. Hiru puntu batuta eta Trintxerpek bere partidua galduta,  Gure Txokoa sailkapeneko bigarren postuan kokatu da, 2026ari ere aitzin egiteko prest.