Beti Gaztek eta Gure Txokoak puntuak gehitu dituzte sailkapenera
2026/02/10
Lesakarrek hutsera berdindu zuten Mondragonen kontra eta puntu bat gehiago batu zuten horrela sailkapenera. Beratarrek berriz, 2-3ko markagailuarekin garaitu zuten Urki B. Kosta egin zitzaion Gure Txokoari irabaztea, baina azken bortz minutuetan gola sartu eta hiru puntuak poltsikoratu zituen, igoera fasean gora egiteko helburua hurbilago edukitzeko aitzinera pausu bat emanez.
Bortzirietako futbol talde nagusiek arrakastaz bukatu dute Gipuzkoako Ligako asteburuko jardunaldia. Ohorezko Erregional mailan ari den Beti Gaztek hutsera berdindu zuen Mondragon taldearekin. Azken asteburuetan puntuak bildu ezinik egon ondotik, pozik gelditu ziren lesakarrak egindako lanarekin eta euren atea hutsean mantentzeagatik. Erregionaleko Lehen mailako Gure Txokoak berriz, 2-3ko markagailuarekin garaitu zuen Urki B. Kosta egin zitzaien beratarrei erakutsitako nagusitasuna emaitzan islatzea, baina azkenik lortu zuten jardunaldiko hiru puntuak bereganatzea.
Beti Gaztek Mondragon bisitatu zuen igande arratsaldean, sailkapeneko bortzgarren postuan kokatua dagoen taldea. Bi erronka garbi zituen jardunaldirako Lesakako taldeak, Eneko Ferradas bere entrenatzaileak argitu duen moduan: “Batetik, partidua bera zen erronka. Bertzetik, gure egoera. Azken asteetan ez ditugu emaitza onak bildu, ez dugu gure jokoa eta nortasuna erakutsi edo aurkitu eta beraz, bi lan horiek genituen”. Neurketa ez zen erraza horretarako ordea, “partidu bakarra galdu baitute etxean denboraldi honetan”. Hala ere, ongi zelairatu ziren lesakarrak eta garaipena posible zela sinesten hasi ziren: “Lehen zatian ez zuten gol aukerarik sortu eta guk bizpahiru gerturatzen eduki genituen. Horietako batean gola sartu genuen, baina jokoz kanpoko jokaldia zela adierazi zuten. Bestela, taldea oso sendo aurkitu zen, aspaldian ez bezala”.
Golik gabeko lehen zatia jokatu ondotik, bigarren zatian “lan bera” egin behar zutela aipatu zien Ferradasek jokalariei eta hauek bete egin zuten. Lan ona egin zuten defentsiboki eta sendo aritu ziren, nahiz eta bukaera aldera indarrak behera egin. “Azken 15-20 minutuetan lauzpabost aukera oso garbi eduki genituen, baina ez genuen lortu sartzea, asmatu ez genuelako eta nekez ere justu samar ginelako”, gaineratu du prestatzaileak. Horrela beraz, 0-0eko markagailuarekin bukatu zen neurketa eta helburuak beteta bueltatu ziren Lesakara, puntu bat gehiagorekin poltsikoran. Izan ere, jokalariz justu joan ziren Arrasatera eta horrekin, taldeak lan “bikaina” egin zuela onartu du entrenatzaileak. Egin zuten esfortzua ere goraipatu du, “zelai zail batean itxura ona” eman baitzuten jokalari guztiek. Orain, hori bera errepikatu nahi dute heldu den asteburuko partiduan. Mastegin arituko dira larunbatean, otsailaren 14an, Real Union Rocaren kontra, 15:30ean.
Gure Txokoak Urki B garaitu zuen larunbatean
Erregional Lehen mailan ari den Gure Txokoak berriz, garaipena eskuratu zuen pasa den larunbatean Urki B taldearen kontra, 2-3ko markagailuarekin. Hala ere, “partidu arraroa” izan zela azpimarratu du Mikel Esnaola entrenatzaileak. Hasieratik aurkaria baino gehiago izan ziren beratarrak, nahiz eta azken minutuetara arte ezin izan zuten hori emaitzan islatu. “Zortzigarren minutuan hasi ginen irabazten eta joku aldetik ere gehiago ginen”, dio Esnaolak. Urkik aldiz, aukera izan zuen gola sartzeko eta banako berdinketa jartzeko, hamabi minutu beranduago. Atsedenaldira bidean, berriz ere eskema bera errepikatu zuten bi taldeek. Lehenik, beratarrek sartu zuten bigarren gola, ondotik etxekoek eta atsedenaldira, 2-2koarekin joan ziren.
Bigarren zatian, “urduri” zelairatu zen Gure Txokoak eta ez zuten partidu ona egin, entrenatzaileak aitortu bezala. “Beraiek hobeki aritu ziren eta gu ez ginen partiduan sartu”, gaineratu du. Hala ere, azken bortz minutuetan gola sartzea lortu zuen talde bisitariak eta horrela, 2-3ko markagailuarekin irabazi zuten azkenik, hiru puntu gehiago batuz ere sailkapenera. Horrela, “pozik” bueltatu ziren etxera eta dagoeneko prest daude gauza bera egiteko larunbatean, otsailaren 14an, Matzadan. Beasain C jasoko dute orduan, 17:30ean.