Beti Gaztek eta Gure Txokoak punturik galdu gabe hasi dute urtea

2026/01/13
Lesakako Ohorezko Erregional mailako taldeak bertze berdinketa batekin bukatu zuen 2026ko lehen jardunaldia, Zumaiakoren kontra. Berako Erregional Lehen mailako Gure Txokoak berriz, 0-2ko markagailuarekin irabazi zuen Dunboa Eguzkiren kontra, urtea hiru puntuak batuta hasiz, eta igoera faseko sailkapena ere lortuz.
Beti Gaztek eta Gure Txokoak punturik galdu gabe hasi dute urtea

Gipuzkoako Ligan ari diren Bortzirietako bi futbol talde nagusiek punturik galdu gabe hasi dute 2026 urtea. Ohorezko Erregional mailako Beti Gaztek 1-1 berdindu zuen igande arratsaldean Zumaiakorekin. Zapore gazi-gozoarekin bukatu zuen asteburua, baina puntua irabaztea lortu zuten eta beraz, pozik gelditu ziren egindako lanarekin. Erregional Lehen mailako Gure Txokoak berriz, 0-2ko emaitzarekin garaipena lortu zuen Dunboa Eguzkiren kontra, igoera fasea jokatzeko sailkapena lortuz. 

Beti Gaztek partidu lehiatua jokatu zuen pasa den igande arratsaldean Mastegin. Etxean jokatu zuen Gabonen ondotik lehen jardunaldian eta gogorra izanen zela bazekiten hasieratik. Taldearen egoera ikusi behar zelako bertan eta Zumaiako zutelako aitzinean, sailkapenean hurbil dagoen taldea hain zuzen ere. Eneko Ferradas entrenatzaileak argitu duenez, talde bisitariak “izan zuen baloiaren jabetza” hasierako minutuetan, baina lesakarrak “ondo kokatuak zeuden”. Horrela, prest egonda, lehen gola ailegatu zen, 1-0ekoa ezarri zuena etxekoen alde: “Aldeko korner bat eduki genuen eta Zabalak atera zuen. Tabernak jaso eta lehen gola sartu zuen”. Hortik aitzinera, “taldea gustora eta sendo” aritu zela onartu du prestatzaileak, baina gol aukera sortu gabe jokatu zuela. Zumaiakok eduki zuen baloiaren jabetza, baina ez zuen abagunerik sortu ezta ere, beraz 1-0ekoarekin joan ziren bi taldeak atsedenaldira. 

Bigarren zatian ailegatu zen berdinketaren gola, lesakarrentzat kolpe gogorra izan zena. “Zumaiakok berdindu zuen eta ez zen samurai izan. Hala ere, lan ona egiten ari ginen eta, momentu deserosoetan ere, sufritzen dakigula erakutsi genuen berriz ere”, Ferradasek aitortu duenez. Kolpetik jeiki eta erosoago sentitzen hasi zen taldea, gol aukerak ere sortuz: “Aukera garbiak eduki genituen bigarren gola sartzeko, baina ez genuen asmatu. Badira partidu batzuk hori pasatzen zaigula. Gehiago asmatuta, garaipena lortzeko moduan egon gintezke eta hori da pena. Puntu gehiago izanen genituzkeelako orain sailkapenean”. Asmatu ezinik aritu ziren, aldi berean, zumaiarrak beraz, markagailua bere horretan mantendu zen 90 minutuak bukatuta. 1-1ekoarekin, puntuak banatu zituzten bi taldeek. Entrenatzaileak “baloirazio positiboa” egin du, ordea, partiduaren ostean. “Jokalariek lan ona egin dute berriz, esfortzuarekin, sakrifizioarekin eta jarrera ezin hobearekin. Sentsazio gazi-gozoa dugu, lehen itzulia bukatzear dagoelako eta punturen bat gehiago eduki genezakeelako. Hala ere, lortu ditugun berdinketa guztiekin sailkapeneko zortzigarren postuan gaude. Orain, lanean segitzeko momentua da. Bergara gure aurkari zuzena izanen dugu asteburuan. Kosta egiten ari zaigu irabaztea, baina baita galtzen ere. Taldea ondo entrenatzen ari da eta lan ona egiten ari da”, erran du Ferradasek. Horrela bada, urtarrilaren 17an, Bergara bisitatuko du Beti Gaztek, 17:30ean, garaipena eskuratu ahal izateko. 

Gure Txokoa igoera fasean

Erregionaleko Lehen mailako Gure Txokoak, bertze urte batez, Gorengo mailara igotzeko fasea jokatuko du urtarrilaren 25etik aitzinera. Azken jardunaldietan lortutako garaipenek eman diete aukera hori beratarrei eta pozik daude lortutakoarekin. Pasa den asteburuko partiduan ere Dunboa Eguzki garaitu zuen Gure Txokoak, 0-2ko markagailuarekin eta horrela, igoera faserako txartela eskuratu zuten behin betiko. Hasieratik bazekiten, garrantzitsua zela garaipena eskuratze, horrek bigarren postuan sailkatzea ekarriko zukeelako, sailkatze zuzena beraz. Lehen minututik horren bila atera ziren zelaira beratarrak eta “berdinduta" bazeuden ere, “joko aldetik hobeak” izan ziren bisitariak, Mikel Esnaola entrenatzailearen erranetan. “Baloia ongi ateraz, jokatuz, eta kontraerasoa bilatuz”, azkenean gola ailegatu zen, ordu erdia baino lehenago. “Eurek egindako falta batean, Mikel Irazokik zuzenean atera bidali zuen baloia eta gola sartu zuen”, prestatzaileak azaldu duenez. Hori guti balitz, hamar minutu beranduago, “ezkerreko hegaletik erraz sartu” zen Gure Txokoa eta Joel Freire aurrelariari baloia pasaz, honek bigarren gola sartu zuen, atsedenaldira 0-2koarekin joanez. 

Bigarren zatian, azpimarratzeko guti egon zela aitortu du Esnaolak: “Atea hutsean mantendu nahi genuen, garaipena nahi genuelako sailkapena lortzeko. Bigarren zatian gauza gehiegirik ez pasatzea lortu genuen. Ez genuen aldekorik izan, baina ezta kontrakorik ere. Guretzat positiboa Urtzi eta Adur zelaian ikustea izan zen. Denboraldi hasieran lesio desberdinak izan zituzten eta geldirik egon dira orain arte. Hori izan zen guretzat berri ona ere”. Horrela beraz, 0-2koa mantenduz, garaipena eskuratu zuen Gure Txokoak, baita hiru puntuak, bigarren postua eta igoera fasean jokatzea ere. Bertze urte batez Gorengo mailara igotzeko aukera izanen dute beratarrek eta oraingo honetan aukerak ihes egitea sahiestuko dute. Asteburu honetan atsedenaldia izanen dute, eta urtarrilaren 25eko asteburuan jokatuko dute fase berriko lehen jardunaldia, Urola Bren kontra, oraindik zehaztu gabe dagoen egun eta orduan.