Beti Gaztek eta Real Union Rocak asteburuan emanen diote hasiera denboraldiari

2025/09/12
Lesakarrek etxean jokatuko dute lehen jardunaldia Deustoren kontra, igandean (irailaren 14an), 17:30ean. Irundarrek berriz, etxetik kanpo emanen diote hasiera denboraldiari. Hauek Anaitasuna bisitatuko dute, Txerloian, Azkoitian, igandean ere 17:00etan.
Beti Gaztek eta Real Union Rocak asteburuan emanen diote hasiera denboraldiari

Gipuzkoako Ohorezko Erregional mailako taldeek denboraldiko lehen jardunaldia jokatuko dute asteburu honetan. Eskualdeari dagokionez, Lesakako Beti Gaztek eta Irungo Real Union Rocak emanen diote hasiera ikasturteari. Lesakarrek etxean jokatuko dute lehen partidu hau, Mastegin, Deustoren kontra eta irundarrak berriz, etxetik kanpo ariko dira, Anaitasuna aurkari dutela. Biak ere igandean jokatuko dute, irailaren 14an, 17:00etan Real Union Rocak eta 17:30ean Beti Gaztek. 

Lesakako Beti Gaztek etxean jokatuko du denboraldiko lehen jardunaldia. Denboraldia estreinatzeaz gain, entrenatzaile berriarekin aurredenboraldian egindako lana erakutsiko dute lehen aldiz Mastegin zaleen aitzinean. Eneko Ferradas da aurten lesakarrekin lanean arituko dena, Añorgako entrenatzaile ohia. Ferradasek berak aipatu duenez, ez zuen zalantzarik eduki Beti Gaztera jauzia egiterakoan: “Añorgan urte batzuk eman eta gero, eta iaz atseden hartu eta gero, aurten berriz ere animatu naiz entrenatzera. Beti Gazteren proposamena jaso nuenean, tarte bat hartu nuen, baina ez nuen zalantza gehiegirik egin”. Hasieratik ongi hartu dutela ere azpimarratu du entrenatzaileak eta pozik dagoela bertan. 

Aurredenboraldiari dagokionez, “elkar ezagutzeko” baliatu duten tartea izan da Ferradasen hitzetan. “Denon artean adostu dugu zer nahi dugun, nora joan nahi dugun eta elkar ulertzen joan gara”, gaineratu du. Lagunarteko batzuk ere jokatu dituzte tarte horretan eta “emaitzak hobeak izan zitezkeen” arren, helburu nagusia lortu dute: “Oinarri bar edukitzea, talde izaera eraikitzea eta ideak finkatzea”. 

Igande honetan jokatuko dute lehen neurketa Mastegin, 17:30ean. Prestatzaileak aipatu duenez, “gauzak ongi egiteko gogoz gaude”. Hala ere, “badakigu beti konplexuak direla lehen partidua, urduritasun puntu bat egon daitekeelako, baina taldea prest dago eta gogoz gaude”, gaineratu du. Etxean aritzeak ere lagunduko du taldea eta hori ere argi du Ferradasek: “Etxeko laguntzarekin seguru ongi jokatzeko aukera izanen dugula”. Igandeko partiduaren ondotik ere, zaleek Mastegin egotea, taldea babestea eta jokalariek lanaz gozatzea espero du entrenatzaileak.