Beti Gaztek ezin izan zuen Anaitasuna garaitu igandean Mastegin
2026/03/03
Gipuzkoako Ligako Ohorezko Erregional mailan ari den Lesakako taldeak 2-3 galdu zuen, igande arratsaldean Mastegin, Anaitasunaren kontra. Neurketa zaila izanen zela bazekiten aitzinetik, baina ongi zelairatu ziren lesakarrak, 1-0ekoa ere lortuz. Hala ere, azkoitiarrek buelta eman zioten partiduaren norabideari eta hiru puntuak eskuratu zituzten azkenean.
Gipuzkoako Ligako Ohorezko Erregional mailako Beti Gaztek 2-3 galdu zuen, igande arratsaldean Mastegin, Anaitasunaren kontra. Sailkapeneko bigarren postuan kokatua dagoen taldea da azkoitiarra eta hasieratik bazekiten lesakarrek zaila izanen zela hauek garaitzea. Hala ere, ongi zelairatu ziren etxekoak, “aurkako zelaian arituz eta ongi defendituz”, Eneko Ferradas entrenatzaileak adierazi duen moduan. Horrela, ordu erdia baino lehen 1-0ekoa ezarri zuen Beti Gaztek, Asier Larralderen bitartez. Anaitasunak azkar erantzun zuen eta, hamar minutu beranduago, emaitza berdindu zuen. Hori guti balitz, atsedenaldira bidean, lehen zatiaren luzapenean, bigarren gola ere sartu zuten bisitariek eta aldageletara, 1-2koarekin joan ziren.
“Kolpea” izan zela onartu du Ferradasek, baina bigarren zatiaren hasieran hau berriz ere iraultzeko modua aurkitu zuten lesakarrek. Jon Zabalak sartu zuen berehala bigarren gola eta 2-2koa ezarri zuen markagailuan. Horren ondotik, “minutu onak” izan zituztela ere azpimarratu du entrenatzaileak eta bizpahiru aukera ere eduki zituztela hirugarrena sartzeko. Hala ere, azkoitiarrak izan ziren hirugarren gola sartzeko abagunea ongi aprobetxatu zutenak. Beti Gaztek orduan galdu zuen jokalaria, txartel gorria ikusi zuelako. Horrek behera eraman beharrean taldea, berdinketaren bila joateko bultzatu zituen jokalariak, baina asmatu ezinik ibili ziren eta beraz, 2-3ko behin-betiko emaitzarekin bukatu zen neurketa, puntuak Azkoitira joanda.
Etxean irabazteko “gogoz” zegoen taldea eta horrela aitortu du Ferradasek ere, “penaz” jasota porrota. Hala ere, honetan gehiegi pentsatu gabe, dagoeneko hasiak dira lesakarrak asteburuko hitzordua prestatzen. Larunbatean, martxoaren 7an, Orioko bisitatuko dute Mendibeltzen 17:00etan. Bere gibeletik dago taldea, hamalaugarren postuan eta hiru puntu gutiagorekin. Norgehiagoka gogorra izatea espero dute beraz, biak ere puntuak irabazi eta sailkapenean gora egin nahiko baitute.