Beti Gaztek garaipena eskuratu zuen Oriokoren kontra
2026/03/10
Lesakako taldeak luzapenean sartu zuen garaipenaren gola eta, 0-1ekoarekin, jardunaldiko hiru puntuak poltsikoratu zituen. Gure Txokoak ere puntu bat eskuratu zuen asteburuko partidurik, Soraluze sailkapeneko liderraren kontra hutsera berdinduta bukatu ondotik.
Gipuzkoako Ligan ari diren Bortzirietako futbol talde nagusiek puntuak eskuratu dituzte asteburuko jardunaldietan. Ohorezko Erregional mailako Beti Gaztek 0-1eko markagailuarekin irabazi zuen Oriokoren kontra, luzapenean sartutako golari esker. Erregionaleko Lehen mailako igoera fasea jokatzen ari den Gure Txokoak berriz, 0-0eko emaitzarekin berdindu zuen sailkapeneko liderra den Soraluzerekin, neurketa zail horretatik puntua bat ateraz.
Beti Gaztek partidu txukuna jokatu zuela aitortu du Eneko Ferradas entrenatzaileak: “Partidu zaila espero genuen Orion, irabaztetik zetorren taldea zelako. Zelaian ere haizea ibiltzen da beti. Hala ere, neurketa lehiatua jokatu genuen eta taldeak hasieratik egin zuen eskatutakoa: lehiatu eta partiduan sartuta egon”. Lehen zatian, “baloi geldian eta pare bat jokaldietan, aurkariaren areara gerturatzeko aukera izan” zuen taldeak, baina ez zen gai izan markagailua mugitzeko eta beraz, 0-0ekoarekin joan ziren atsedenaldia, gehiegi sufritu ez zutenaren sentsazioarekin.
Bigarren zatian, “pazientziaz” jokatzea zen lesakarren helburua. “Baja dezentekin joan ginen Oriora eta taldearen erantzuna bikaina izan zen. Denek eman zuten maila oso ona”, gaineratu du Ferradasek. Lehen minutuetan zertxobait gehiago sufritu zuen Beti Gaztek eta Oriokok aukera garbi bat eduki zuen aitzina hartzeko, nahiz eta defentsan “eroso” egon ziren lesakarrak eta arrisku guztiak gelditu zituzten. Kontrara, abaguneak ere sortu zituen bisitariak eta horren ondorioz, ailegatu zen garaipenaren gola: “Mattinek 0-1ekoa sartzea lortu zuen luzapenean eta horrela bukatu zen partidua, gehiegi sufritu gabe eta lehiatzen”.
Hiru puntu gehiagorekin, etxetik kanpo lortutakoak gainera, sailkapeneko hamaikagarren postuan kokatu da Beti Gazte, 30 punturekin guztira. Hurrengo bi hitzorduak Mastegin izanen ditu taldeak eta hor maila bera ematea espero dute. Horietako lehen larunbat honetan jokatuko dute, martxoaren 14an, Mutrikuren kontra (12:00).
Gure Txokok puntu bat atera zuen liderraren kontrako partidutik
Gure Txokoak hutsera berdinduta bukatu zuen Soraluzerekin asteburuan, etxetik kanpo. Sailkapeneko liderra zen aurkaria eta euren kontra puntu bat ateratzea pozgarria izan zen beratarrentzat. Lehen zati parekatu baten ondotik, bigarren zatian ailegatu ziren bisitarien momentu hoberenak: “Lehen zatia berdindua izan zen. Eurek jende oso ona dute eta bizkarra hartzen ziguten eta min eman. Hala ere, ongi itzuli ginen hortik eta pare bat jokaldietan ere min eman genuen, aukera garbiak ere sortuz”. Hala ere, aukera horietako bakar bat ere ez zen sartu eta bigarren zatia, 0-0ekoarekin hasi zuten.
Bigarren zatiko lehen minutuetan, Soraluzek joko zuzenaren bitartez aukera garbi bat sortu zuen, baina Mikel Esnaola entrenatzailearekin erranetan, “garbiena eta bakarra” izan zen hori. Beratarrek aldiz, euren jokoa egiten hasi ziren eta “hiruzpalau aukera garbi” sortu zituzten. Horietako bat, Iñaki Ruizena: “Zalantza egon zen botea kanpoan edo barrenean eman zuen, baina epaileak erabaki zuen ez zela gola izan”. Azkenea, erabaki horrekin, 0-0eko behin-betiko markagailuarekin bukatu zen neurketa, liderraren kontra puntu bat ateraz.
Pozik gelditu zen Gure Txokoa egindako lanarekin, baina garaipenaren bila joanen da hurrengo asteburuan. Berdinketa anitzen ostean, hori delako euren desioa, hiru puntuak eskuratzeko. Horretarako aukera aproposa dute larunbatean, martxoaren 14an, Matzadan Ikasberri taldearen kontra (17:30). Talde hau ere lider moduan ailegatuko da Berako zelaira.