Beti Gaztek irabazi eta Gure Txokoak galdu egin dute asteburuan

2026/04/29
Ohorezko Erregional mailako Beti Gaztek 3-2ko markagailuarekin garaitu zuen Urki, pasa den asteburuan Mastegin. Erregional Lehen mailako igoera fasean aldiz, Gure Txokoak ez zuen zorte bera izan eta 4-3ko emaitzarkein porrot egin zuen Antzuola taldearen kontra.
Beti Gaztek irabazi eta Gure Txokoak galdu egin dute asteburuan
Gipuzkoako Ligan ari diren Bortzirietako taldeek desberdin bukatu dute azken asteburua. Ohorezko Erregional mailako Beti Gaztek 3-2ko markagailuarekin irabazi zuen Urkiren kontra, igandean Mastegin. Erregional Lehen mailako Gure Txokoak aldiz, ezin izan zuen Antzuola garaitu eta 4-3ko emaitzarekin galdu zuen azkenean. Beti Gazteri dagokionez, taldeak hasieratik eduki zuen garaipena eskuratzeko aukera, gola lortzeko abagunean ere sortu zituelako lehen minututik. “Aurkariaren baloi irteeran itxoin eta baloi horiek lapurtuta, sortu genuen arriskua. Erdiraketa asko eginez eta kontraerasoan ere aukerak sortuz”, aipatu du Eneko Ferradas entrenatzaileak. Horrela bada, hogeigarren minutuan, Jon Zabalak Julenen baloi luze bat harrapatu eta lehen gola lortu zuen. Urkik segidan erantzun zuen eta “baloiaren jabe” egin zen hurrengo minutuetan. Atsedenaldira bidean, aurkaria izan zen emaitza berdindu zuena eta 1-1ekoarekin joan ziren bi taldean aldageletara. Bigarren zatian lesakarrei euren lekua aurkitzea kostatu zitzaien. Hau aprobetxatuta, Urkik bigarren gola sartu zuen, 1-2koa ezarriz. Beti Gaztek ez zuen amore eman ordea, eta “lanean jarraituz”, Mattinek partidua berdindu zuen “jokaldi pertsonal batekin”. Honen ondotik, taldeak sinistu zuen garaipena posible zela eta horren alde borrokan segitu zuen lortu arte. Azken minutuetan, “Agirretxek buruz pase bat egin zion Oierri eta azken honek 3-2koa ezarri zuen markagailuan”, behin-betiko emaitza izan zena. Bukaera, Urkik estutu zuen, eta etxekoek ere errenta handitzeko aukera izan zuten, baina ez batak ez bertzeak ez zuen lortu emaitza mugitzea. Horrela, 3-2koarekin, hiru puntu gehiago batu zituen Beti Gaztek sailkapenera. Momentu honetan, sailkapeneko hamargarren postuan dago taldea, 37 punturekin guztira. Hurrengo hitzordua maiatzaren 1ean izanen du, Tolosaren kontra, etxetik kanpo, 11:30ean. Gure Txokoak puntuak utzi zituen Bergaran Erregionaleko Lehen mailako Gure Txokoak aldiz, ezin izan zuen Antzuola garaitu asteburuan. Bertarrek bazekiten “partidu zaila izanen zela”, Mikel Esnaola entrenatzailek aitzindu duen moduan, baina hala ere, taldea prest zegoen garaipena eskuratzeko saiakera egiteko. Segidan erakutsi zuten ideia garbi hori, neurketa hasi eta berehala lortu zuelako lehen gola Esnaolaren taldeak: “Hasi eta lehen gola sartu genuen segidan. Erakutsi genuen zertara joaten ginen hara. Bigarren minutuan, bigarren gola sartzeko aukera ere izan genuen, baina ez genuen asmatu”. Hala ere, poza ez zuen anitz iraun, hamargarren minutuan, etxekoek emaitza berdindu zutelako. Bisitarien bigarren akats baten ondorioz, Antzuola aitzinetik jarri zen. Hirugarren gola ere sartzeko aukera aprobetxatu zuten, kontraeraso baten bitartez, baina atsedenaldira bidean, errenta hori murriztu zuen Gure Txokoak eta 3-2koarekin joan ziren bi taldeak aldageletara. Bigarren zatian, berdintzeko aukera zegoela sinetsirik zelairatu zen Esnaolaren taldea. “Defentsiboki hobetuta, hirugarren golaren bila” joan ziren beratarrak, nahiz eta laugarren gola sartu zuen Antzuolak, 4-2koa lortuz. Hala ere, “borrokan” segitu zuten bisitariek eta “hurrengo jokaldian, hirugarren gola” sartu zuten. Denbora gehiagorik gabe, 4-3koarekin bukatu zen neurketa eta puntuak Bergaran gelditu ziren. Horrela, sailkapeneko hamaikagarren postuan kokatuta dago talde beratarra, hamahiru punturekin. Heldu den hitzordua, maiatzaren 1ean izanen du talde honen ere. Orduan, Billabona hartuko du etxean, Matzadan, ortziralean 19:00etan.