Beti Gaztek porrot egin zuen Bergaran lehen itzuliko azken jardunaldian

2026/01/20
Gipuzkoako Ligako Ohorezko Erregional mailan ari den Lesakako taldeak 4-0 galdu zuen, pasa den larunbatean, Bergararen kontra. Sei jardunaldi zeraman taldeak punturik gabe gabe, baina oraingo honetan ezin izan zioten bolada horri segida eman, eta lehen itzulia porrotarekin bukatu zuten. Taldeak gaizki lehiatu zuela ere argi dute lesakarrek, eta gogoz daude akats horiek zuzentzeko.
Beti Gaztek porrot egin zuen Bergaran lehen itzuliko azken jardunaldian
Bergara KE 4
0 Beti Gazte KJKE

Gipuzkoako Ligako Ohorezko Erregional mailako Beti Gaztek 4-0eko markagailuarekin galdu zuen, pasa den larunbat arratsaldean, Bergararen kontra. Lehen itzuliko azken jardunaldia zen Agorrosinen jokatutakoa eta, zaila izanen zela bazekiten arren, lesakarrek gaizki lehiatu eta porrot mingarria jaso zuten bertan. Sei aste zeraman taldeak punturik galdu gabe, baina azken partidu honetan ezin izan zion aurkariari aitzin egin eta puntuak ihes egin zuten. 

Eneko Ferradas entrenatzaileak argi erran du “partidu txarra” egin zuela Beti Gaztek. Laugarren minuturako 1-0ekoa jaso zuten lesakarrek eta hortik aitzinera, “ez ginen gai izan aukerak aprobetxatzeko”. Taldea “baloiarekin guztiz gaizki ez zen ibili”, Ferradasen ustez, baina “ez zuen ongi lehiatu”. 2-0ekoa jasotzea kolpe latza izan zen berdeentzat, neurketa zaila izanen zela espero baitzuten, “baina bertze maila bat” emateko gai ere badirela ziur daude. 

Bigarren zatian, itxaropentsu zelairatu zen Beti Gazte, gol baten bat sartzeko helburu garbiarekin. Aukerak ere sortu zituen, markagailuko aldea zertxobait murrizteko, baina “ez ginen gai izan atean asmatzeko”, entrenatzaileak erran duenez. Baloi luze batean, 3-0ekoa ezarri zuen Bergarak eta horrela, ia erabakita utzi zuen partidua. “Ez genuen ongi defendatu eta etxekoak areatan hobeti aritu ziren. Ongi lehiatu zuten beraz, partiduak ihes egin zigun”, dio Ferradasek. Azkenik, 4-0eko emaitzarekin bukatu zen partidua eta puntuak Agorrosinen gelditu zen. 

Lehen itzulia bukatuta, Beti Gazte sailkapeneko zortzigarren postuan dago kokatuta, 23 punturekin. Hori ontzat eman du prestatzaileak eta bigarren itzuliari begira, berriz ere “martxa ona hartzea egokitzen” zaiela onartu du. “Ezin dugu orain arteko lan ona alde batera utzi, despiste bat izan genuen Bergaran eta orain, lanean jartzeko momentua da”, azpimarratu du. Heldu den asteburuan ekinen diote denboraldiko bigarren itzuliari. Lesakarrak berriz ere kanpoan arituko dira, Zubietan hain zuzen ere, Deustoren kontra. Neurketa larunbatean ospatuko da, urtarrilaren 24an, 17:00etan. Aurkaria sailkapeneko azken aurreko postuan dago kokaturik, arriskutsua izan daitekeen partidua izan daiteke beraz lesakarrentzat, adi egon beharrekoa.