Beti Gazteko gizonezkoek porrot egin zuten Mutrikuren etxean
Atsedenalditik bueltan dago Gipuzkoako Ligako Ohorezko Erregional mailako Beti Gazteko gizonezkoen taldea. Bi asteburuz geldirik egon ondotik, maiatzaren lehenean jokatu zuten denboraldiko azken txanparen lehen partidua. Atsedena beharrezkoa zuten lesakarrek, azken partiduei aitzin egiteko, baina ez die mesede egin lehiaketak ematen duen erritmoa galdu dutela dirudielako. Aste Santuaren aurretik zenbait garaipen on erdietsi zituzten lesakarrek eta jeitsiera postuetatik aldendu ziren. Hala ere, bueltan, kosta egin zitzaien Mutrikuren kontra nahi zutena egitea.
Neurketa ona egin zuen Beti Gazte, Javier Escagües entrenatzaileak adierazi duenez. Edonola ere, kategoria honetan barkatu ezin diren akatsak ere egin zituzten eta horiek aprobetxatu zituen Mutrikuk hiru golak sartzeko. Lehena 26. minutuan ailegatu zen eta 1-0ekoarekin joan ziren bi taldeak atsedenaldira. Bigarren zatian, bertze bi egin zituen etxeko taldeak, azkena penaltiz, eta horri buelta eman ezinik ibili ziren lesakarrak. Penaz hartu zuten porrota, baina gehiegi pentsatu gabe biharko neurketa dute begiz jota. Bihar, maiatzaren 3an, Mondragon hartuko du Beti Gaztek etxean, 16:00etan.
Nafarroako Ligako Lehen Maila Autonomikoko Baztanek berriz, 0-4 irabazi zuen atzo arratsaldean Burlades Bren kontra. Izugarrizko erakustaldia eman zuten baztandarrek etxetik kanpo eta hiru puntu garrantzitsu batu zituen sailkapenerako. Atsedenaldira 0-2koarekin joan ziren eta bigarren zatian lortu zituzten bertze biak, golik jaso gabe eta aurkariari berdintzeko aukerarik eman gabe. Atzo erakutsitako indar bera erakutsi nahi du Baztanek asteburuan ere etxeko zelaian. Igandean, maiatzaren 4an, bertan jasoko du Erriberri, 16:00etan.
Partidu hauez gain, Gipuzkoako Ligako Ohorezko Erregional mailako Beti Gazteko emakumeak Oiartzun bisitatuko dute bihar, 16:00etan. Erregional mailako Gure Txokoak berriz, Intxaurdi jasoko du Matzadan, bihar 17:30ean. Azkenik, Nafarroako Ligako Preferente mailako Doneztebek neurketa garrantzitsua jokatuko du igandean etxean ere. Denboraldiko azken partidua izanen da Iñaki Indart zelaian eta, matematikoki, Lehen Maila Autonomikora igoera lor dezake irabaziz gero. Amigo jasoko dute horretarako, igandean, 17:30ean.