Beti Gazteko jokalariak berriz ere garaipenaren bidean sartu dira
Gipuzkoako Ligan ari diren Bortzirietako bi futbol talde nagusiek askaera desberdina izan dute asteburuko partiduetan. Lesakako Beti Gazte garaipenaren bidean sartu da berriz ere, Hernaniri 1-2ko markagailuarekin irabazita. Berako Gure Txokoak aldiz, nagusitasuna erakutsi arren, 1-2ko emaitza berberarekin galdu zuen Arrupe Chaminaderen kontra. Bi taldeek ere lanean segituko dute astean zehar, sentsazio on berberekin, heldu den jardunaldian garaipena eskuratzeko helburuarekin.
Ohorezko Erregional mailako Lesakako Beti Gaztek hiru jardunaldi zeramatzan garaipenik lortu gabe. Sentsazio onak eduki zituen taldeak etxeko azken partiduan, baina atean asmatu ezinik ibili zen. Hernaniren kontrako partidua ere zail aurreikusten zuen Eneko Ferradas entrenatzaileak, “etxetik kanpo jokatzen diren partidu guztiak bezala”. Aurkari honi aurre egiteko gakoa “orain arteko sentsazio on berberek mantentzea” zen eta hauek “emaitzan islada edukitzea”. Astean zehar entrenamendu saio onak egin zituzten jokalariek eta partidua gogoz joan ziren, sinetsita garaipena posible zela. Ferradasek aitortu du lehen zatian ez zituztela gol aukera gehiegirik sortu, baina horietako batean 0-1ekoa ezarri zutela Jon Zabalaren bitartez. Hernanik aldiz, “aukera arriskutsuak” sortu zituela oroitarazi du entrenatzaileak, baina bere taldeak jakin zuela hau kudeatzean.
Bigarren zatia abantailarekin hasi zuen Beti Gaztek eta akatsak konpontzeko asmo garbia erakutsi zuen: “Hegalean min egiten zigutela ikusi genuen eta bigarren zatirako hau konpontzen saiatu ginen. Ez ziguten jaurtiketarik egin atean, baina gure akats baten ondorioz, penalti bat adierazi zuten euren alde eta neurketa berdindu ziguten”. Beldurrik gabe lanean segitu zuten lesakarrek eta azken minutuetara arte “estutu” zutela onartu du Ferradasek. Horrela ailegatu zen garaipenaren gola. Asier Halzuetek azken minutuan 1-2koa ezarri zuen eta beraz, garaipena ere Lesakara bueltan eraman zuten. Prestatzaileak adierazi du, “bi partiduren ondoren, garaipenera bueltatzea ona da, baita sailkapenean gora egitea ere. Ongi lehiatzen ari da taldea eta ea gai garen dinamika hau mantentzen”. Hain zuzen ere, heldu den asteburuan bertze neurketa gogor bat jokatu beharko du taldeak Mastegin. Oiartzun hartuko du bertan, igandean (azaroaren 30ean), 16:30ean, eta bertan puntuak eskuratzea garrantzitsua izanen da.
Gure Txokoak, gehiago izan bazen ere, ezin izan zituen puntuak poltsikoratu
Erregional Lehen mailako Gure Txokoak berriz, 1-2 galdu zuen asteburuan Arrupen Chaminaderen kontra. “Partidu serioa” egin bazuten ere, eta etxeko zelaian nagusi izan baziren ere, ezin izan zituzten aukerak errematatu eta beraz, puntuek ihes egin zuten Matzadatik. Mikel Esnaola entrenatzaileak onartu du “orain arteko partidu hoberenetarikoa” jokatu zuela bere taldeak eta lehen zatian, “aukera anitz” sortu zituztela. Hala ere, baloi horiek ez ziren sare barrura sartu eta beraz, hutsean mantendu zen euren markagailua. Arrupe Chaminadek aldiz, lehen aukeran, 0-1ekoa ezarri zuten eta atsedenaldira irabazten joan ziren.
Bigarren zatian, modu berean zelairatu zen Gure Txokoa, ikusita ongi ari zirela jokatzen eta nagusi izaten ari zirela. Golak iritsiko zirela sinetsirik zeuden beratarrak eta horrela lortu zuten emaitza berdintzea, Enaitz Portuk sartutako golari esker. Hala ere, hurrengo jokaldian, aurkariak 1-2koa ezarri zuen bere alde eta denbora gehiagorik gabe gelditu zen etxeko taldea, porrot eginda. “Futbola horrela” dela oroitarazi du Esnaolak eta beraz, “horren kontra deus ere” ezin dela egin azpimarratu du. Taldeak lanean segitzea bertzerik ez du eta horrela eginen dute, heldu den asteburuko partidua prestatzeko eta bertan garaipena eskuratu ahal izateko. Beratarrek Sporting de Herrera bisitatuko dute igandean ere, 18:00etan.