Beti Gazteko Ohorezko Erregional mailako gizonezkoek maila salbatu dute
Gipuzkoako Ligako Ohorezko Erregional mailan ari den Beti Gazteko gizonezkoen taldeak maila mantentzea lortu du, denboraldiko azken aurreko jardunaldian, Mastegin jokatzen zuen azkenekoan. 5-0 garaitu zuen bertan Deusto FC taldea eta hiru puntu gehiago batuta, matematikoki denboraldiko helburua lortu dute lesakarrek, azken jardunaldia jokatzeke dutela.
Garaipena beharrezkoa zuen Beti Gaztek gizonezkoek Ohorezko Erregional maila bertze urte batez mantentzeko eta helburua lortu zuen pasa den igandean. Taldeak 5-0eko markagailuarekin irabazi zuen Deustoren kontra, Jon Zabalaren hiru golekin eta Asier Tabernaren bertze birekin. Horrela, jardunaldi bakar baten faltan, maila salbatzea lortu dute lesakarrek. Kontuan hartuta, Añorga liderra bisitatuko duela taldeak denboraldiko azken partidua jokatzeko, garaipen ona lortu zuen Mastegin. Orain, azken partidu horri begira ari dira lesakarrak, larunbatean (maiatzaren 24an, 17:30ean, Rezolan jokatuko dena.
Baztan-Bidasoako bertze taldeek porrot egin zuten asteburuan
Beti Gazteko Ohorezko Erregional mailako emakumeek berriz, 2-1 galdu zuten Lagun Onak taldearen kontra, pasa den ortzirale arratsaldean. Denboraldiko azken jardunaldia zen taldearentzat eta, hiru puntuak Azpeitian utzita, azken aurreko postuan sailkatu dira azkenik lesakarrak. 16 puntu batu dituzte guztira aurtengo denboraldian, 4 partidu irabazita, bertze lau berdinduta eta 22 galduta.
Erregional mailako Gure Txokoak ere, igoera fasean, 3-4 galdu zuen Behobiaren kontra Matzadan. Hauentzat denboraldiko azken aurreko neurketa zen eta orain, asteburu honetan, kanpoan emanen diote bukaera aurtengo lanari. Lengokoak bisitatuko dute horretarako, igandean (maiatzaren 25ean), 12:30ean.
Nafarroako Ligan azkenik, Lehen Maila Autonomikoko Baztanek 0-2 galdu zuen Alesves taldearen kontra Giltxaurdin. Bigarren zatian ailegatu ziren bisitarien bi golak eta baztandarrek ezin izan zioten horri bueltarik eman. Hauek Iruña bisitatuko dute igandean, 18:00etan, denboraldiko azken aurreko partidua jokatzeko.