Bidasoak ezin izan zuen Granollers gainditu eta puntuak Katalunian utzi zituen

2025/12/18
Irudek Bidasoa Irunek 32-39ko markagailuarekin galdu zuen atzo arratsean Granollersen kontra. Neurketa ez zen ongi hasi bidasotarrentzat, etxekoak eraginkorrak izan zirelako eta tartea ireki zutelako atsedenaldira 14-12koarekin joateko. Bigarren zatian berriz, nagusitasuna erakutsi zuen Alex Mozasen taldeak eta emaitza iraultzeko gai ere izan zen, nahiz eta azkeneko jokaldietan, berriz ere kataluniarrek lortu zuten partiduaren buruzagitza eta garaipena ere bereganatu zuten azken erasoetan asmatu ondotik.
Bidasoak ezin izan zuen Granollers gainditu eta puntuak Katalunian utzi zituen
Fraikin BM Granollers 32
29 Irudek Bidasoa Irun

Irudek Bidasoa Irunek 32-29ko emaitzarekin galdu zuen atzo arratsean Granollersen kontra. Partidua kataluniarren alde jarri zen lehenbizi, erasoan eraginkortasuna azaldu ondotik. Hala ere, bigarren zatian, talde horia suspertu eta markagailuari buelta ematea lortu zuen. Etxekoek ez zeuden amore emateko prest ordea, eta azken minutuetan, aldeko partzial baten ondotik, behin-betiko garaipena eskuratu zuten, bidasotarrei hau iraultzeko aukera guti emanda.

Neurketa gol gutirekin hasi zen, bi taldeek ere erasoan joko nahasia erakutsi zutelako eta zehaztasun falta ere izan zutelako. Horrek 6-6ko berdinketa ekarri zuen markagailuan. Hala ere, minutuak aitzinera joan ahala, Granollersek erritmoa azkartu eta abantaila lortzen hasi zen (12-9, 23 min.). Bidasoak ongi erantzun zuen eta, Nacho Vallesi esker, errenta bi golera murriztu zuten. Bi taldeen arteko aldea gehiago txikitzen saiatu baziren ere, atsedenaldira 14-12koarekin irabazten joan ziren etxekoak. 

Bigarren zatian berriz, norgehiagokaren norabidea aldatu zuen Bidasoak, lehen minututik indarrez ekin baitzion garaipena eskuratzearen helburuari. Erasoan eta defentsan bikain aritu zen eta markagailua iraultzea lortu zuen lehen hamar minutuetan, 18-19koa ezarriz. Dinamika on honi eusteko gai izan ziren eta aldea handitzen joan ziren minutuan aitzinera egin ahala (21-23, 45 min.). Edonola ere, etxekoek ez zeuden amore emateko prest eta berriz ere indarrez ekin zioten euren jokoari. 26nako berdinketa erdietsi zuten orduan, partiduaren azken txanpan, eta hortik aitzinera kataluniarren bertsiorik onena ere azaldu zen kantxan. Atezainak geldiketa onak egin zituen eta erasoan ere fin ibili ziren, bisitariei hori aldatzeko aukerarik gabe utzita. Azkenik, 6-3ko partzial bati esker, Granollersek 32-29koa ezarri zuen behin-betiko, eta jardunaldiko bi puntuak ere eurentzat izan ziren. 

Honen ondotik, Alex Mozasen taldeak urteko azken partidua jokatuko du larunbat honetan, abenduaren 20an, REBI Balonmano Cuenca taldearen kontra, Artalekun. Dagoeneko urtea 23 punturekin bukatzeko helburuak ihes egin dio Bidasoari, baina 21 ditu oraindik eskura, beraz horien bila joanen dira asteburuan.