Bigarren itzulia ere garaipenarekin hasi du Real Unionek

2026/01/12
Real Unionek 1-2ko markagailuarekin garaitu zuen atzo arratsaldean Tudelano. Erritmo biziarekin eta helburu garbiarekin zelairatu ziren txuribeltzak eta, berdinketari buelta emanda, sailkapenean bertze hiru puntu batzea lortu zuen taldeak, bolada onari segida emanez, eta lidergotzan sendotuz.
Bigarren itzulia ere garaipenarekin hasi du Real Unionek
CD Tudelano 1
2 Real Union Club

Real Unionek 1-2ko markagailuarekin irabazi zuen atzo arratsaldean Tuteran, Tudelanoren kontra. Irabazten hasi bazen ere, talde txuribeltzari maldan gora jarri zitzaion partidua etxekoek lortutako berdinketarekin. Hala ere, gai izan ziren honi buelta emateko eta euren alde jartzeko behin-betiko markagailua. Hiru puntu gehiagorekin, 39 batu ditu Irungo taldeak sailkapenera, lidergotzan sendotuz. 

Erritmo biziarekin hasi zen jokatzen Real Union, garaipena eskuratzeko asmo garbia erakutsiz. Lehen minututik markagailua irekitzeko aukerak sortu zituen taldeak. Fontanek erdiraketa bat egin zuen lehen minutuan eta Soroetak jaurtiketa egin zuen, nahiz eta ez zen ate barrura sartu. Hurrengo minutuetan, saiatu baziren ere, ez zuten abagune garbirik eduki, ez talde batek ez bertzeak ere, eta horrela, hutsera berdinduta ailegatu ziren atsedenaldira.

Bigarren zatia hobeki hasi zuen talde bisitariak eta berehala lortu zuen markagailua irekitzea. Korner baten ondotik, Arrutik baloia zutoinera bidali zuen eta etxeko jokalari batek bere atean sartu zuen, lehen puntua emanez txuribeltzei. Kolpe latz honek Tudelanori lanean serioski jartzeko indarra eman zion eta hurrengo minutuetan, kontraeraso batean, Alayetok 1-1ekoa ezarri zuen emaitzean, penaltiz sartutako gol baten ondorioz. Real Unioni hau iraultzea egokitu zitzaion eta hiru aukera garbi eduki zituen, horietako bakar bat ere sartu ez zena. Jokalari bat ere galdu zuen Ramses Gilen taldeak, baina amore eman gabe segitu zuen lanean, garaipenaren gola ailegatu zen arte. Luzapenean, Santi Miguelezek Yoel gainditu eta 1-2koa ezarri zuen, jokalari eta zaleen zorionez, hiru puntuak poltsikoratzeko. 

Garaipen honekin, denboraldiko bigarren itzulia bolada onari segida emanez hasi du Real Unionek. Hiru puntu batuta, 39 ditu orain guztira sailkapenean eta lidergotzan sendotu da. Bigarren eta hirugarren sailkatuak diren Sestao River eta Tudelanori zortzi puntuko abantaila aterata. Honen ondotik, Galera bueltatuko da Ramses Gilen taldea, Basconiaren kontra lehiatzeko, larunbatean (urtarrilaren 17an), 18:00etan.