Boikot deiaren aurrean, Israelgo selekzioa froga nagusitik kanpo utziko du Europako OCR Txapelketaren antolakuntzak, baina atleta israeldarrek banaka parte hartuko dute
2026/05/28
BDZ Euskal Herria, Irun Palestinarekin eta Euskal Herriko OCR kirolariek agerraldia egin zuten atzo Israelgo kirolarien presentzia eta Irungo Udalaren zein Gipuzkoako Foru Aldundiaren «zinismoa» salatzeko. Maiatzaren 29an, ostirala, 19:30ean San Juan plazan elgarreratzera deitu dute, eta «Israelgo estatu genozidari inpunitate osoz eta erabateko normaltasunez lehiatzen uzten zaion bitartean, euskal kirolariei Euskal Selekzioarekin parte hartzea ukatzen zaiela», leporatu diete agintari eta antolatzaileei. Erakunde publikoei babesa eta laguntza ekonomikoa kentzeko exijitu diete, eta antolakuntzari Israelgo taldeen parte hartzea debekatzea.
Asteburu honetan Irunen ospatuko den Europako OCR Txapelketako antolatzaileek Israelgo selekzio gisa, Israel Elite taldea lehiatzekoa zen froga nagusitik kanpo uztea erabaki dute azken orduan. Hala ere, izena eman duten hamabi atleta israeldarrek banaka parte hartu ahal izango dute maiatzaren 31ko ekitaldian. Froga nagusia igandean baita, 13 kilometroko ibilbidea egingo dute, Irungo Josu Langilea futbol zelaiko oztopo lasterketa gune nagusitik abiatu, eta Irungo erdigunea ez ezik, Meakatik Aitzondo ur-jauziraino eta itzulian Artia ingurura ere hurbilduko dira. Gainerako frogak laburragoak dira, eta Israel Youth gazteen taldearen kasuan, antolatzaileek ez dute debeku edo aldaketarik iragarri.
Irungo Udalak, bien bitartean, ez du ohar publikorik plazaratu. Baina udaletik Antxeta Irratiari zuzenean jakinarazi zaionez, udal gobernuak Palestinako herriarekin elkartasuna eta jarrera politiko argia adierazi nahi badu ere, kirol froga honetan ez du debekurik exijitzeko eskumenik, eta Europako OCR oztopo lasterketako federazioaren esku utzi du azken erabakia. Hala ere, sortutako polemikaren aurrean, ekitaldiak modu baketsuan pasatuko direla espero dute udal agintariek.
Alde horretatik, atzo bertan Irungo Udaltzaingoko komisariako eta ertzain-etxeko arduradunek bilera egin zuten txapelketaren antolakuntzaren nazioarteko OCR ordezkariekin. Txapelketaren segurtasunaz jardun dute, gogoan hartu behar baita, guztira 2.578 kirolari bilduko dituela txapelketak Irunen lau egunez, norbere talde tekniko eta senide zein zaleekin batera. Atzo jada, 28 herrialdetik iritsitako parte-hartzaileak ikusi ahal izan ziren hirian, eta poliziaren presentzia nabarmena izan zen Irunen. Zentzu horretan, Israelgo atleten parte hartzea salatzen duten kartelak jartzen ari zirela, bi lagun identifikatu zituzten atzo bertan, txapelketaren antolakuntzako kide batek bortizki inkrepatu ondoren. Ordena publikoaren nahasmendua egotzi diete.
Boikota egitera deia eta mobilizazioak
Testuinguru honetan, asteburuan mobilizazioak iragarri dituzte Euskal Herriaren luzea zabaletik etor daitezkeen Palestinaren aldeko militanteek. Eta atzo, Palestinar bandera ikur duen Irungo Peña kaleko eskaileretan hain justu, BDZ Euskal Herria, Irun Palestinarekin eta Euskal Herriko OCR kirolariek agerraldia egin zuten Israelgo kirolarien presentzia eta Irungo Udalaren zein Gipuzkoako Foru Aldundiaren «zinismoa» salatzeko. Ezin ahantzi baitaiteke, Irungo Udalak 70.000 euroko dirulaguntza zuzena esleitu diola Espainiako OCR elkarteari antolakuntzan laguntzeko.
Maddalen Etxebarria, BDZ Euskal Herria kolektiboko bozeramaileak, eta Ander Gurrea OCR euskal kirolariak hitza hartu zuten agerraldian, mobilizatzera deituz. Maiatzaren 29an, ostirala, 19:30ean, Irungo San Juan plazan hasteko. Israelgo entitate sionistak parte hartuko duela salatuko dute. «Israelgo estatu genozidari erabateko normaltasunez lehiatzen uzten zaion bitartean, euskal kirolariei Euskal Selekzioarekin parte hartzea ukatzen zaie», salatu dute agerraldian, eta «Palestinako herriaren genozidioaren aurrean Israelgo inpunitatearekin nazioarteko erakundeek itsuarena egiten duten bitartean» boikota egitera deitu dute.
Alde horretatik, Irungo Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundiari babesa eta laguntza ekonomikoa kentzeko exijitu diete, eta «laga dezatela Israelgo arma genozidaren irudia zuritzeari». Era berean, Europako OCR federazioari Israelgo taldeen parte hartzea debekatzea eskatu diote, eta euskal kirolariei Euskal Selekzioaren babespean lehiatzeko onartzea.
Udalak isilarena eta EH Bilduren exijentzia
Alde horretatik, azken 48 orduetan sortutako polemikaren aurrean, Irungo udal agintariak txapelketaren antolakuntza eta gainerako babesleekin harreman zuzenean aritu bada ere, txapelketa gaur abiatzen da, eta Cristina Laborda alkateak ez du adierazpen publiko argirik egin oraindik.
Izan ere, Irungo EH Bildu izan da bere jarrera adierazten talde politiko bakarra. Oihana Briones koalizio subiranistaren bozeramaileak aditzera eman duenez, txapelketako antolatzaile zein erakunde laguntzaileei, eta zuzenean Irungo Udalari, Israelgo herriarekin duten edozein lotura hautsi eta Israelgo kirolariak txapelketatik kanporatu ezean froga bertan behera uzteko eskaera luzatu diete, «ez dagoelako genozidio baten aurrean konplizitaterako tarterik, ez eta beste alde batera begiratzerik ere».
Israelek giza eskubideak eta nazioarteko zuzenbidea modu sistematikoan urratzen dituela oroitarazi du EH Bilduk, eta «inpunitate osoz» Gazako herriaren aurkako sarraskia, milaka pertsonen erailketa, gizarte zibilaren aurkako bonbardaketak, familia osoen desagerrarazteak, kazetari eta boluntarioen erailketak, hiri eta auzoen suntsitzea, ospitale eta oinarrizko azpiegituren txikitzeak, gosetea... Aurrekaririk gabeko hondamendi humanitario baten eragile dela gogoratzen du. «Hau guztia ez bada nahikoa izan Israelgo estatua bakartzeko, eta bere presentzia gainontzeko herrialdeetako espazio publikotik kanpo uzteko, erakunde publikoei dagokie irmotasunez jokatzea», dio Brionesek.
Hortaz, hainbat ekimen eta nazioarte mailako kirol frogetan gertatu den bezala, asteburuan Irunen ospatuko den Europako OCR Txapelketan ere, kirolari israeldarren presentzia ez onartzeko exijitu du EH Bilduk. Aurrekariak badaudela gogoratzen dute, Ukrainako gerla dela eta, Errusiari ezarri zitzaion debekua, adibidez.