Bortzirietako futbol talde nagusi bakar batek ere ez zuen garaipenik lortu asteburuan
2026/03/17
Gipuzkoako Ligan ari diren Bortzirietako bi futbol talde nagusiek ezin izan zuten garaipenik lortu asteburuan. Ohorezko Erregional mailan ari den Beti Gaztek 0-1 galdu zuen Mutrikuren kontra. Erregionaleko Lehen mailako igoera fasean ari den Gure Txokoak berriz, bana berdinduta bukatu zuen Ikasberriren kontrako partiduan.
Asteburu kaskarra izan da Bortzirietako gizonezkoen futbol talde nagusientzat. Gipuzkoako Ligako Ohorezko Erregional mailan ari den Beti Gaztek 0-1eko markagailuarekin porrot egin zuen Mutrikuren kontra, pasa den larunbat eguerdian Mastegin. Liga bereko Erregionaleko Lehen mailako igoera fasea jokatzen ari den Gure Txokoak berriz, puntu bat atera zuen Ikasberriren kontrako neurketatik, aurkariarekin bana berdindu ondotik.
Lesakarrek garaipena eskuratu nahi zuten etxean, baina ezin izan zioten aurkariari aitzin egin, lan ona egin bazuten ere. Eguraldi kaskarra zuten larunbat eguerdian norgehiagoka jokatzeko eta zelaia ere ez zegoen egoera aproposenean. Hala ere, Beti Gazte “neurketan ongi sartu” zela onartu du Eneko Ferradas entrenatzaileak. Gola lortzen lehena ordea, Mutriku izan zen, “korner baten bitartez”. Hurrengo minutuetan, etxekoak saiatu ziren markagailua berdintzen, baina ezin izan zuten asmatu eta gibeletik joan ziren atsedenaldira.
Aldageletan “lan berarekin segitu” behar zutela azpimarratu ondotik, aurkaria gainditzeko helburuarekin zelairatu ziren lesakarrak. “Zelaiak ez zigun fin ibiltzen uzten, baina bigarren zatian beste bi aukera garbi izan genituen, lehen zatikoak baino garbiagoak oraindik, baina ez genituen asmatu eta beraz, penaz bukatu genuen partidua”, aitortu du Ferradasek. Horrela beraz, 0-1ekoarekin bukatu zen neurketa Mastegin eta puntuak Mutrikurentzat izan ziren. Porrotean gehiegi pentsatu gabe, Lesakako taldea segidan hasi da lanean, bihar (martxoaren 18an) jokatuko duten hurrengo hitzorduari begira. Berriz ere etxean ariko da Beti Gazte, Urolaren kontra kasu honetan, 20:30ean. Bertan garaipena eskuratzea garrantzitsua izanen da.
Gure Txokoak puntu bat atera zuen Ikasberriren kontrako partidutik
Gure Txokoak berriz, bana berdinduta bukatu zuen Ikasberriren kontrako partidua. “Zapore gazi-gozoa” duen emaitza izan da beratarrentzat Mikel Esnaola entrenatzaileak adierazi duen moduan. “Lehen zatia nahiko parekatua izan zen, Ikasberri agian gu baino hobea izan zen, baina egia da arrisku berezirik ere ez zuela sortu, area kanpotik egindako jaurtiketa bat kenduta, Joelek ongi gelditu zuena”, azpimarratu du prestatzaileak. Beratarrek ere aukera garbi bat eduki zuten, “zelai erditik egindako jaurtiketa bikain batekin, baina baloiak langa jo zuen”.
Horrela, 0-0ekoarekin hasi zuten bigarren zatia ere. Hemen, nagusitasuna erakutsi zuen etxeko taldeak eta segidan aprobetxatu zuen markagailua irekitzeko abagunea: “Bigarren zatiko hogeigarren minutuan, presio bat eta gero, baloia lapurtu genuen eta Jokinek gola sartu zuen, 1-0ekoa jarriz”. Ikasberrik segidan erantzun zuen eta erasora jo zuen, nahiz eta beratarren kontraerasoekin topo egin zuten. Bigarren gola sartzeko aukera ere eduki zuen etxeko taldeak, baina ez zen sartu eta azken minutura ailegatzerakoak, kontrako penaltia erabaki zuen epaileak beratarrei kalte eginez. “Gure kontrako penalti zalantzagarria izan zen nire ustez. Hau sartu eta denbora agortu zen, beraz, 1-1ekoarekin bukatu zen partidua”, kontatu du Esnaolak. “Haserre” bukatu zutela erę gaineratu du, “hurbil eduki” baitzuten garaipena sailkapeneko lehenengoaren kontra eta “bi puntu galdu” zituzten azkenean. Honen ondotik, Gure Txokoak Trintxerpe bisitatuko du larunbatean, martxoaren 21ean, 19:30ean.