Bortzirietako futbol talde nagusiak arrakastaz aritu dira asteburuko jardunaldietan
Asteburu arrakastatsua izan da Bortzirietako futbol talde nagusientzat. Izan ere, Gipuzkoako Ligan ari diren Beti Gaztek eta Gure Txokoak garaipen bana eskuratu dituzte euren etxeko zelaietan. Lesakarrek, Ohorezko Erregional mailan, 2-0 garaitu zuten Mastegin Amaikak Bat taldea. Beratarrek aldiz, Erregional Lehen mailan, 5-1eko markagailu zabalarekin irabazi zuten, Matzadan, Sporting de Herreraren kontra. Biek ere jardunaldiko hiru puntu garrantzitsu batu zituzten sailkapenera eta, hemendik aitzinera, etxetik kanpo gauza bera egiteagatik borrokan segituko dute.
Beti Gaztek bi asteburu zeramatzan garaipenik lortu gabe, eta Eneko Ferradas entrenatzaileak aipatu duenez, garrantitzua zen taldearentzat dinamika honi buelta ematea. Horretarako aukera ederra zuen igande arratsaldean Mastegin, Amaikak Bat taldearen kontra, eta aukera ongi aprobetxatu zuen taldeak. Ferradasek argi utzi du astean zeharreko lana lagungarria izan zela helburu hau erdiesteko: “Astean zehar lan bikaina egin zuen taldeak eta horrelako garaipenarekin saritzea polita da. Defentsan sendo aritu ginen, ez genuen gehiegi sufritu, eta gure aukerak ondo aprobetxatu genituen”. Hain zuzen ere, lehen zatian markagailua 1-0ean jartzea lortu zuten lesakarrek, Asier Larralderen eskutik. “Bigarren zatiari aurre egiteko, garrantzitsua izan zen abantaila hori”, onartu du entrenatzaileak.
Bigarren zatian, Asier Tabernak bigarren gola sartu zuen ere eta horrela, erabakita utzi zuen taldeak garaipena: “Bigarren zatian, bigarrena sartu zuen Tabernak eta markagailua ondo kudeatu genuen hortik aurrera”. Ferradas pozik gelditu zen emaitzarekin, baita bere taldeak egin zuen lanarekin ere: “Badakigu etxean sendo egin behar garela eta, pasa den asteburuko porrotaren ondoren, garrantzitsua zen garaipena eskuratzea. Taldeak bazekien partidu garrantzitsua zela hau eta lana emaitzan islatua ikustea ere ona da. Oso pozik nago taldeak egindako lanarekin, erantzun bikaina eman baitzuen”. Hala ere, lanean segitzeko konpromezu irmoa du prestatzaileak, baita jokalariek ere. Heldu den asteburuan, Anaitasuna bisitatuko du Beti Gaztek (larunbatean, urriaren 18an, 16:30ean), eta “aste gogorra” dute aitzinetik. Partidu hau bereziki prestatuko dute, dinamika onarekin segitzeko.
Gure Txokoak gol zaparrada batekin egin zion aurre Sporting de Herrerari
Erregional Lehen mailan ari den Gure Txokoak ere 5-1eko emaitzarekin Sporting de Herrera garaitu zuen asteburuan. Orain arte jokatutako hiru partiduetatik soilik batean lortu dute beratarrek irabaztea, etxeko lehen partiduan hain zuzen ere. Matzadan jokatu zuten bigarren honetan ere hiru puntuak batu zituzten eta euren zelaian indartsu daudela erakutsi zuten. “Konfiantzarentzat eta goiko taldeengana hurbiltzeko” garrantzitsua zen azken neurketa honetan irabaztea eta helburua lortu zuten beratarrek, Mikel Esnaola entrenatzailearen hitzetan.
Partidua arraroa izan zela ere onartu du Esnaolak: “Partidua arraroa izan zen. Bigarren minutuan, beraien atezainak txartel gorria ikusi zuen, area kanpotik baloia eskuekin hartzeagatik eta kanporatua izan zen”. Hortik aitzinera, neurketa “aurpegiz” jarri zen beratarrentzat eta, hamargarren minutuan, lehen gola sartu zuten Jokin Irazokiren eskutik. Sentsazioak, edonola ere, ez ziren hoberenak: “Ez dakit haien jokoarekin kutsatu ote ginen, baina ez genuen lortu nahi bezala jokatzea. Sentsazioak ez ziren nahi genituenak”. Hala ere, golak sartzen segitu zuten Gure Txokoak eta abantaila areagotzen. Atsedenaldira, 2-0ekoarekin (Mikel Irazokik, 34. minutuan) joan ziren eta horrek lasaitasuna eman zion taldeari.
Beratarrak gehiago zirela argi zegoen, baina konfiantza ere gehiegizkoa izan zela adierazi du entrenatzaileak eta aurkariak egoera hori aprobetxatu zuela 2-1ekoa eskuratzeko. “Urduritasuna” nagusitu zen etxekoen artean, baina aitzinera segitu eta 3-1ekoa lortu zuten segidan, Iñigo Leali esker, lasaitasuna berriz ere berreskuratuz. Hau guztia guti balitz, bertze bi gol ere sartu zituen Gure Txokoak, laugarrena atezainak sartua gainera: “Baloi luze bat jaurti zuen atezainak. Baloiak botea eman eta euren atezainaren gainetik joan zen, ez baitzuen hori ongi neurtu”. Esnaolak ezohiko egoera hau azpimarratu du eta Xabier Matxikoten lehen gola goraipatu. Azken minutuetan, Joel Freirek sartu zuen bostgarren gola era horrela, 5-1eko behin-betiko emaitzarekin bukatu zen jardunaldia, hiru puntuak ere etxean utziz. Heldu den asteburuan, etxetik kanpo arituko da taldea eta bertan “lehen puntuak eskuratzea” izanen dute helburu. Gure Txokoak Amara Berri bisitatuko du larunbatean, urriaren 18an, 19:30ean.