Bortzirietako futbol talde nagusiek ez dute garaipenik batu asteburuan
Gipuzkoako Ligan ari diren Bortzirietako futbol talde nagusien artean, bakar batek ere ez du garaipenik batu asteburu honetan. Erregionaleko Lehen mailako Gure Txokoak bina berdinduta bukatu zuen Trintxerperekin eta puntu bat atera zuen beraz, jardunaldi horretatik. Ohorezko Erregional mailako Beti Gaztek berriz, 0-1 galdu zuen Elgoibarren kontra, bigarren aldiz segidan porrot eginez. Hala ere, bi taldeko kideak pozik azaldu dira asteburuan egindako lanarekin, garaipena eskuratu ez bazuten ere, jokalarien jarrera eta jokoa goraipatu baitituzte bi entrenatzaileek.
Gure Txokoak 2-2ko markagailuarekin berdindu zuen asteburuan Trintxerperen etxean. Mikel Esnaola entrenatzaileak azpimarratu du, “talde zaila eta zelai zaila” izan zirela, baina “nahiko kontent” gelditu zirela beratarrak bertan egindako lanarekin. Hasieratik berdinketa ona izanen litzatekeela aipatu zuten taldekideen artean eta horren bila joan ziren hasieratik. Hala ere, emaitza Trintxerpek ireki zuen eta atsedenaldira 2-0eko markagailuarekin galtzen joan ziren beratarrak. Aldageletan, “gauza batzuk aldatzeko tenorea” zela erran zien Esnaolak jokalariei eta “jokoa aldatzekoa”.
Lehen zatian sentsazioak ez baziren onegiak izan, bigarrenean berriz, jarrera desberdinarekin zelairatu zen Gure Txokoa. Lehen ordu laurdenean dagoeneko gol bat sartu zuen Gorka Aracuesek, “baloi geldiko jokaldi batean”, eta 75. minutuan modu berean sartu zuen bigarrena Aimar Lekuonak. Jokoa hobea zela ikusiz, beratarrek garaipenaren bila joan zitezkeela pentsatzen hasi ziren, baina orduan jokalari bat gutiagorekin gelditu ziren, Ekai Pombarrek txartel gorria ikusi baitzuen. “Azken hamar minutuak luzeak” izan zirela oroitarazi du entrenatzaileak eta Trintxerperen indarraren beldur egon zirela bisitariak. Hala ere, emaitza bere hortan mantentzen jakin zuten eta berdinketarekin bukatu zen neurketa, puntu bat gehiago ere batuz. Pozik gelditu zen beraz Gure Txokoa, sailkapenean gibeletik duelako oraindik Trintxerpe eta gol averagean ere gainetik daudelako beratarrak.
Honen ondotik, heldu den ortziralean, azaroaren 21ean, 20:00etan Gure Txokoa etxean ariko da Arrupe Chaminaderen kontra. Ez da neurketa erraza izanen, multzoko liderra baita aurkaria eta beratarrek baino 11 puntu gehiago dituelako sailkapenean. Garrantzitsua izanen da ordea, puntuak batzea, aldeak murrizteko eta gibeletik dituen taldeekin ere tartea handitzeko.
Beti Gaztek bigarren porrota jarraian
Beti Gaztek berriz, 0-1 galdu zuen Elgoibarren kontra, pasa den igande arratsaldean. Urolaren kontra porrot egin ondotik, etxeko azken hau partidu zaila izanen zela aurreikusia zuten taldekideek. Astean zehar "sentsazio onak” bildu ondotik, Eneko Ferradas entrenatzaileak azpimarratu du jokalariak bikain zelairatu zirela igandean Mastegin: “Taldea bikain sartu zen partiduan eta gol aukerak ere sortu genituen hasieratik”. Talde bisitariak aldiz, ez zuen abagune garbirik eduki lesakarren zelaira hurbildu bazen ere eta Beti Gazte sendo mantendu zen erasoan eta defentsan. Hala ere, etxekoek ezin izan zituzten gol aukerak errematatu eta hutsera berdinduta ailegatu ziren bi taldeak atsedenaldira.
Atsedenaldian “lana errepikatu” behar zutela oroitarazi zien Ferradasek jokalariei eta noski, “aukerak aprobetxatu behar” zituztela. Honekin, bigarren zatiari ere ongi ekin zion Lesakako taldeak, baina “azken paseetan” asmatu ezinik aritu ziren eta beraz, aukera garbirik ere ez zuen sortu azken 45 minutu hauetan. Elgoibar aldiz, “poliki-poliki” gora joan zen eta “70. minututik aurrera, trantsizioren bat egin” zutela onartu du entrenatzaileak, baita “arrisku jokaldiren bat” ere. Horrelako egoera batean, Beti Gaztek ez zuen jakin ongi defendatzen eta bisitariak zuloa ikusi zuenean gola egiteko aprobetxatu zuen.
0-1ekoarekin bukatu zen neurketa, zapore gazi-gozoarekin lesakarrentzat. Ferradasek aipatu duenez, “emaitzak ez zuen islatu partiduan ikusi zena. Ez genuen lortu atea hutsean mantentzeko beharra, baina taldearen jarrera bikaina izan zen”. Neurketaren ondorengo mezua ez zela erraza izan ere onartu du entrenatzaileak: “Partidu oso ona egin genuen eta pena da hori ez zela emaitzan islatu. Gauza onak transmititzea zaila izan zen, baina gauza onetara heldu behar garela azpimarratu genuen. Azken partidutik zenbat hobetu dugun ikustarazi genien eta horretan jarraitu behar dugula”. Honen ondotik, heldu den igandean, azaroaren 23an, etxetik kanpo jokatuko du Beti Gaztek, Hernaniren kontra hain zuzen ere (16:00).