CD Bidasoak ordezkaritza izan du Autonomia Erkidegoetako Selekzioen Espainiako Txapelketan

2026/01/09
Irungo klubeko bederatzi jokalari eta bi teknikari aritu dira Euskadiko Selekzioarekin aurtengo Autonomia Erkidegoetako Selekzioen Espainiako Txapelketan (CESA). Bost jubenil, kadete bat, hiru infantil eta bi entrenatzaile aritu dira lehian, eta emaitza bikainak bildu dituzte bertan. Jubenilak txapeldun izan dira, kadeteek brontzezko domina eskuratu dute eta infantilek azkenik, laugarren postua eskuratu zuten.
CD Bidasoak ordezkaritza izan du Autonomia Erkidegoetako Selekzioen Espainiako Txapelketan

CD Bidasoak ordezkaritza izan du Autonomia Erkidegoetako Selekzioen Espainiako Txapelketan (CESA), oinarrizko eskubaloiaren erakusleiho nagusia den lehiaketan. Euskadiko Selekzioarekin aritu dira Irungo klubeko bederatzi jokalari eta bi entrenatzaile eta emaitza bikainak bildu dituzte parte hartu duten hiru kategoerietan. Jubenilek urrezko domina eskuratu zuten, kadeteek brontzezkoa eta infantilak laugarren postuan sailkatu ziren. 

Jubenilen aldetik, Eñaut Iragorrik, Iker Gonzalezek, Kepa Hernandorenak, Aimar Iraetak eta Unai Barretok parte hartu zuten Euskadiko Selekzioarekin. Taldeak finalera ailegatzea lortu zuen eta, Kantabriari irabazita, txapeldun ere bilakatu ziren, azken partidu horretan 27-21eko markagailua erdietsita. Kadete mailan berriz, Imanol Lopeteguik hartu zuen parte eta brontzezko domina eskuratu zuen honen taldeak. Hirugarren eta laugarren posturako lehian, Asturiasi 23-40 irabazi ondotik. Azkenik, infantil mailan, Inhar Carlosek, Izan Miguelek eta Adur Silvak hartu zuten parte eta laugarren postua eskuratu zuten, lan bikaina egin ondotik. Entrenatzaileen aldetik, Joseba Zabalak eta Eñaut Uruñuelak hartu zuten parte txapelketan Euskadiko Selekzioarekin. 

Ordezkaritza zabal hau edukitzea Bidasoarentzat “harro egoteko” arrazoia da, ohar bidez azaldu duten moduan. “Lan bikainaren isla” dela ere onartu dute, “bai kirol arloan, bai pertsonalean eta teknikoan ere”. Klubetik gainera, lehiaketan parte hartu duten jokalari eta teknikariak zoriondu nahi izan dituzte, eta aldi berean, eskerran eman “entrenatzaile, familia eta kirolariei horrelako lorpenak eskuratzen jarraitzeko egiten duten guztiagatik”.