Dariel Garciak Bidasoa utziko du denboraldi bukaeran
2026/02/09
Bidasoa Kirol Elkarteak jakinarazi duenez, Dariel Garcia Rivera ezker hegaleko jokalariak ez du taldeak segituko denboraldi honen bukaeran. Bortz urteren ondotik, kubatarrak talde horia utziko du, bere elastikoarekin, guztira, 140 partidu ofizial jokatu ondotik eta 400 gol baino gehiago sartuta.
Bidasoa Kirol Elkarteak jakinarazi duenez, Dariel Garcia Rivera ezker hegaleko jokalariak ez du lehen taldean segituko 2025/26 denboraldia bukatuta. Kubatarrak bortz urteren ondotik emanen dio bukaera Irunen 2021ean hasitako ibilbideari, 140 partidu ofizial jokatu eta 400 gol baino gehiago sartuz elastiko horia jantzita.
Guadalajaratik iritsi zen Dariel Garcia Bidasoara, 2021eko udan. Orduz geroztik, taldearen jokoan funtsezko jokalaria izan zen guztira 140 partidu ofizial jokatuz, ASOBAL Ligan, Errege Kopan, Espainiako Kopan eta EHF European League txapelketetan. Horrez gain, 400 gol baino gehiago sartu dituen jokalaria izan da, Artalekun aritu den urte guzti hauetan. 2024/25 denboraldian, 83 gol sartu zituen guztira eta aurtengoan, 31 gehitu ditu bere ibilbidean, 12 partiduetan, erreferentzia bat izanda erasoan.
Bidasoak eskerrak eman nahi izan dizkio “jokalariari partidu bakoitzean erakutsitako profesionaltasun, konpromiso eta esfortzuagatik. Bere kalitateak, lehiatzeko izpirituak eta kantxan, zein kantxatik kanpo, egindako ekarpenak arrasto ezabaezina utzi duelako klubean”. Horrez gain, “arlo profesional eta pertsonalean arrakastarik handiena opa” dio klubak.