Dena jokoan izanen du Real Unionek denboraldiko azken jardunaldian

2025/05/19
Osasuna Promesas taldearen kontra bana berdindu ondotik, talde txuribeltzak azken jardunaldian izanen du jokoan maila mantentzea. Athletic Club B taldearen kontra garaipena eskuratzeaz gain, bertze taldeen emaitzen esperoan egon beharko dute Albert Carbóren jokalariek.
Dena jokoan izanen du Real Unionek denboraldiko azken jardunaldian
Real Union Club Irun 1
1 Osasuna Promesas

Real Unionek bana berdindu zuen, pasa den larunbat arratsaldean, Stadium Galen jokatutako denboraldiko azken partiduan. Talde txuribeltza hirugarren minutuan aitzindu zen markagailuan eta ia partidu osoan zehar izan zuen garaipena eskura. Hala ere, partidua bukatzeko hiru minuturen faltan ihes egin zuten hiru puntuek, gorritxoek gola sartu zutenean. Honen ondotik, dena jokoan izanen du Albert Carbóren taldeak heldu den asteburuan, denboraldiko azken jardunaldian. 

Victor San Bartolomek sartu zuen partiduaren lehen gola, hasi eta berehala. Hirugarren minutua zen eta jokalari txuribeltz batek eskuinetik egin zuen erdiraketa bat, Osasunako defendatzaile batek aldentzeko saiakera egin zuena, baina zuzenean atera joan zena. Hala ere, Osasunako atezaina adi egon zen eta geldiketa ona egin zuen. Aldaratzean berriz, Victor San Bartolomek jaso zuen baloia eta honek ongi aprobetxatu zuen aukera, baloia sarera sartuz eta bere taldea markagailuan aitzinduz. 

Bukaera bitarte, 84 minutuz, 1-0ekoa mantendu zuen Real Unionek eta partidua bukatzear zela galdu zituen jardunaldiko hiru puntuak. 87. Minutuan, Martin Pedroarenak 25 metroetatik gola sartu eta neurketa berdindu zuen. Bost minutuko luzapena egon zen honen ondotik eta talde txuribeltza partidua berreskuratzen saiatu zen, baina ez zuen atean asmatu eta azkenean, puntuak banatu behar izan zituzten. 

Berdinketa honen ondotik, denboraldiko azken jardunaldian dena jokoan izanen du Real Unionek. Lezaman arituko da Athletic Club B taldearen kontra eta garaipena eskuratzeaz gain, bertze taldeen emaitzei begira egon beharko da zeharka. 

Iker Bilbao jokalariak egin du azken partiduaren balorazioa.