Doneztebek Lehen Maila Autonomikora igoera lortu du

2025/05/06
Igandean Amigó taldeari 2-0 irabazita, eta bigarren sailkatuak bere partidua galduta, matematikoki denboraldiko helburua zen igoera lortu dute doneztebarrek. Baztanek ere maila mantentzeko lehian bizirik segitzen du, eta Beti Gazteko bi taldeak egoera larriagoan daude.
Doneztebek Lehen Maila Autonomikora igoera lortu du

Nafarroako Ligako Preferente mailan ari den Doneztebek Lehen Maila Autonomikora igoera lortu du, denboraldia bukatzeko jardunaldi bakarra falta denean. Amigó taldeari 2-0 irabazi zioten, pasa den igandean etxean, eta matematikoki ligako txapeldun bilakatu dira doneztebarrak, bigarren sailkatua zen Soto Ibarbasok ere bere partidua galdu zuelarik. Denboraldiko helburu nagusia lortu du taldeak honela eta heldu den larunbatean, maiatzaren 10ean, Beriainen kontrako partidua jokatu ondotik (17:30), urtea bukatu eta ospakizunekin hasiko dira. 

Lehen Maila Autonomikoak ari den Baztanek ere maila mantentzeko borrokan segitzen du. Bi garaipen segidan lortu du taldeak azken astean, horietako bigarrena Erriberriren kontra, 2-0eko markagailuarekin. Sergio Oskoz prestatzaileak kontatu duenez, “oraindik ez dago matematikoki maila ziurtatua”, baina garaipen honekin aurrerapausu garrantzitsua eman zuen taldeak. Borroka berean dauden bi taldeen arteko partidua zen eta beraz, tentsio handikoa. Hala ere, etxeko zelaian gehiago izan ziren baztandarrak eta atsedenaldira bidean sartutako golarekin, baita 90. Minutuan lortutako bigarrenarekin, hiru puntuak eurentzat izan ziren. Denboraldiko azken txanpa lasaitasun gehiagorekin hartzeko onak izan ziren puntu horiek eta heldu den asteburuan, gauza bera egin nahi du taldeak, Lerines taldearen kontra (igandean, 18:30ean, Lerinen). 

Gipuzkoako Ligan, Beti Gazteko Ohorezko Erregional mailako bi taldeak egoera larriagoan daude. Emakumeek 4-0 galdu zuten, pasa den larunbatean, Oiartzunen kontra eta sailkapeneko azken aurreko postuan kokaturik daude, bederatzi puntuetara dutelarik maila mantentzea. Bi neurketa bertzerik ez zaizkio gelditzen Lesakako taldeari, Antiguoko eta Lagun Onak taldeen kontra hurrenez hurren. Ez dira partidu errazak izanen, lehenak sailkapeneko liderrak direlako eta bigarrenak ere gora begira ari direlako. 

Gizonezkoak ere maila mantentzeko lehia bizian daude sartuta. Azken boladan emaitza onak bilduak zituen Lesakako taldeak, baina azken bi partiduetan berriz ere behera egin dute, akatsak ongi ordainduz. Pasa den larunbatean, Mastegin, Mondragonen kontra 0-3 galdu zuten taldeak. Javier Escagües entrenatzaileak aipatu duenez, hasieran ongi kokatu ziren lesakarrak, baina defentsiboki behera egin zuten eta akats batzuen ondorioz, partiduak ihes egitea erraztu zuten: “Partidu garrantzitsua zen eta ez ginen maila onean egon. Defentsiboki pasibitate handiko partidua izan zen eta ezin da horrela jokatu. Lehendabiziko aukera, eta garbiena, gurea izan zen. Zabalak bota zuen eta atezainak gelditu zuen. Pixkanaka behera joan ginen eta 0-1ekoa jarri ziguten, gure akats baten ondorioz. Bigarren gola ere akats batean sartu ziguten eta atsedenaldira 0-2koarekin joan ginen. Bigarren zatiko lehendabiziko minutuan gureak izan ziren berriz ere, irabazi nahi baikenuen. Hala ere, defentsiboki gaizki aritu ginen eta baloiarekin ere gero eta okerrago. Horrela, hirugarren gola sartu ziguten”. Zaila bada ere, Escagüesek erran bezala, hiru partidu gelditzen dira egoera honi buelta emateko. 

Azkenik, Erregional mailako Gure Txokoak 0-1eko emaitzarekin galdu zuen baita ere Intxurreren kontra. Bigarren zatian iritsi zen aurkariaren gola eta beratarrek ezin izan zioten horri buelta eman. Igoera faseko sailkapeneko azken aurreko postuan daude hauek, hiru aukera gehiago dituztelarik emaitza hobeak biltzen saiatzeko.