Etxeko zaldizko eta amazonak nabarmendu dira Irun Hiria Sari Nagusiaren 35. edizioan

2025/06/17
Nagore Otañoren omenez egindako txapelketa giro ezin hobean joan da. Goi mailako zaldizko eta amazonak lehiatu dira, guztira 230 irteeratik gora eginez, baina azpimarragarriena etxeko kirolariek eman duten maila izan da. Batez ere, gazteak nabarmendu dira proba guztietako podiumetara igoz.
Etxeko zaldizko eta amazonak nabarmendu dira Irun Hiria Sari Nagusiaren 35. edizioan

Irun Hiria Sari Nagusia Nagore Otañoren omenezko 35. Txapelketa ospatu zen asteburuan Jaizubia Hipika Klubaren instalakuntzetan. Punta-puntako zaldizko eta amazonak izan ziren bertan, 230 irteeratik gora eginez guztira, baina etxeko gazteek erakutsi zuten maila izan zen azpimarragarriena. Maila guztietako podiumetara igo ziren etxeko zaldizko eta amazonak eta beraz, giro ezin hobean joan zen asteburua. 

Alvaro eta Kevin Gonzalez de Zarate anaien partehartzea nabarmendu dute Jaizubia Hipika Klubetik. Larraitz Uruñuela klubeko kideak adierazi duenez, “Alvaro hirugarren da Espainiako rankig-ean eta Kevin anaia berriz, bederatzigarrena”. Bi horiez gain, Paula Azofra arabarraren eta Xabier Zabaleta irundarraren presentzia nabarmendu du Uruñuelak. Hala ere, klubeko gazteen emaitzak azpimarratu ditu Uruñuelak: “Klubeko gazteak maila guztietako podiumean izan dira. Adibidez, probarik altuenean, 1,25ekoan, Lorea Alkain Jaizubiako amazonak irabazi zuen. Bigarren, Julen Alkain anaia izan zen eta hirugarren, Bizkaian dabilen baina Jaizubiatik pasa den Xabier Zabaleta”. 

Igandean ere giro bere errepikatu zen, baita etxekoen emaitza onak ere: “Igandean ere izugarrizko markak egin genituen. Sari nagusian, 1,25eko proban, garaipena berriz ere etxean gelditu zen. Jaizubiako zaldizkoa eta kirol teknikaria den Xabi Berrotararen eraman baitzuen. Bigarren Aiert Ormaetxe izan zen eta hirugarren, berriz ere, Lorea Alkain”. Guztira, 230 irteeratik gora izan zituzten txapelketan eta horregatik beragatik, eskerrak eman nahi izan dizkiete klubetik bertaratu ziren zaldizko, amazona eta agintari guztiei ere. Horrez gain, sarietako bat ematera urtero hurbiltzen den Nagore Otañoren amaren, Olatz Gaztelumendiren, presentzia nabarmendu zuen Uruñuelak.