Europako ametsa zapuztu zaio Irudek Bidasoa Iruni
Irudek Bidasoa Irunek 22-32 galdu zuen atzo arratsean Artalekun, MT Melsungen taldearen kontra. EHF European Leagueko final laurdenetako itzulerako partidua zen eta bidasotarrek porrot egin zutenez, bertan behera gelditu zen Europako ametsa. Hala ere, orain arteko ibilbideari erreparatu eta balorazio positiboa egin zuten taldekideek, baita atzoko partiduaren lehen ordu laurdenarena ere.
Erritmo biziarekin hasi zen itzulerako neurketa eta hartu-emanean aritu ziren bi taldeak. Bidasoa aitzinetik jartzea ere lortu zuen hamargarren minutuan, 6-5ko markagailuarekin, eta horrek indarra eman zion taldeari bere alderik onena emateko. Sinetsirik garaipena posible zela, hurrengo bost minutuetan eraginkorrak izan ziren etxekoak eta, zaleen babesarekin, tarte txiki bat ireki zuten talde alemaniarrarekin. Hala ere, honek ez zuen asko iraun. Hurrengo hamazazpi minutuetan Alex Mozasen taldeak ezin izan baitzuen golik sartu eta Melsungenek egindako 0-9ko partzial batek amets guztiak zapuztu zituen. Atsedenaldira 8-15ko emaitzarekin joan ziren bi taldeak, etxekoak hau irauli behar zuela pentsatuz.
Bigarren zatian, gogoz kantxaratu ziren bidasotarrak, nahiz eta alemaniarrek dagoeneko dena erabakita utzi. 1-6ko bertze partzial batek aukerarik gabe utzi zuen Bidasoa eta Alex Mozasek eskatutako hutsarteak ere ez zuen eraginik izan. Kolpe latza jasan zuten jokalari eta teknikariek bigarren zatian, bisitarien erasoak ezin geldituz eta tartea 10-11 golera igo zen. Hala ere, Artaleku bete baten babesa jaso zuten eta orain arteko euren esfortzu eta lana aitortu zieten zaleek. Azkenik, 22-32ko markagailuarekin irabazi zuen MT Melsungenek, Final Fourrerako sarbidea lortuz eta Bidasoaren ametsa zapuztuz.
Porrota mingarria izan zen talde horiarentzat, nahiz eta oraindik ere bertze helburu batzuk dituzten begiz jota Plenitude ASOBAL Ligan. Hala ere, orain arteko ibilbidea goraipatu nahi izan zuen Alex Mozasek eta jokalariek egindako lana eta esfortzua aitortu. Europako Txapelketa bertan behera uztearen tristura alde batera utzi eta larunbateko Anaitasunaren kontrako derbian pentsatzen hasi beharko dira gaur bidasotarrak.