Ezpeletan gizonezkoen pisu astuneko txapela erabaki ondotik, emakumezkoen 540 kiloko bigarren jardunaldia eta gizonezkoen 640 kiloko lehena jokatuko dute urtarrilaren 17an Araban, oraindik zehaztu gabe dagoen herrian. Bi kategoria hauetako finalak berriz, urtarrilaren 24an ospatuko dira Lesakan. Ondotik abiatuko da txapelketa mistoa, 580 kilotan. Urtarrilaren 31n izanen dute kanporaketa Berriozarren eta otsailaren 7an finala Ibarran. Azkenik, otsailaren 14an, gizonezkoen 600 kiloko eta emakumeen 500 kiloko lehen jardunaldiak jokatuko dituzte, oraindik zehaztu gabeko lekuan. Otsailaren 21ean Abadiñon jokatuko dute gizonezkoen 600 kiloko finala eta emakumeen 500 kiloko bigarren jardunaldia, eta otsailaren 28an, Txantrean izanen dira emakumeen 500 kiloko finala eta gizonezkoen 560 kilokoa, jardunaldi bakarrean jokatuko dena.
Zalantzaz betetako Euskal Herriko Txapelketa izanen da aurtengoa, Euskadiko Federazioko presidenteak kargua utzi eta bertze baten bila dauden bitartean, sokatira klubek beraiek hartu baitute lehiaketa antolatzearen ardura. Txinan ospatuko den Munduko Txapelketari begira, garrantzitsuak dira hilabete hauetan lortutako emaitzak eta beraz, presidentearen faltan, aitzinera egitea erabaki dute taldeek. Federazioaren babesa izanen dutelakoan daude, nahiz eta bitartean, pausoz pauso hartuko dituzte erabakiak. Nafarroa, Lapurdi, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako taldeek bat egin eta bakoitzak bere lurraldean jardunaldi bat antolatzeko konpromisoa hartu dute. Lehenak, erran bezala, erabakiak daude, eta bertzeak astean aitzinera joan ahala zehazten joanen dira. Ziurtatua dagoena txapelketa ospatuko dela da eta tiralariek euren ibilbidea segida emanen diotela, udaberrian Munduko Txapelketara joateko ate guztiak zabalik edukitzeko helburuarekin.
Lesakako Beti Gazteko taldeko Amaia Leiza tiralaria mintzatu da honen guztiaren inguruan Euskal Irratietan.