Gaur hasiko du Irudek Bidasoa Irunek Errege Kopako ibilbidea

2025/06/06
Torrelavega izanen du lehen aurkari, final laurdenetan, eta bi partidu gainditu beharko ditu Alex Mozasen taldeak finalera ailegatu eta denboraldiko helburua lortzeko, Europarako txartela. Lehen pausua beraz, gaur eman beharko du Artalekun, kantabriarren kontra, 20:45ean.
Gaur hasiko du Irudek Bidasoa Irunek Errege Kopako ibilbidea

Errege Kopa ospatuko da asteburu honetan Artalekun, gaurtik hasi eta igandera bitarte. Irudek Bidasoa Irunek etxean jokatuko du txapelketa eta betebehar garrantzitsua izanen du bertan: bi kanporaketa gainditu eta finalera ailegatu. Hori baitu azken aukera Europarako txartela eskuratzeko. Horretarako ordea, Torrelavegaren kontra irabazi beharko du lehenik, gaur 20:45ean jokatuko den final laurdenean. 

Eskubaloia protagonista izanen da asteburu honetan Irunen. Gaurtik hasita igandera arte, Errege Kopa jokatuko dute zortzi taldek Artalekun. Irudek Bidasoa Irun etxeko taldeaz gain, Batcho Torrelavega, Balonmano Alcobendas, ABANCA Ademar de León, Logroño La Rioja, Bada Huesca, Barça eta Recoletas Atlético Valladolid airtuko dira gaurtik aitzinera txapelketa honetan. Alex Mozas entrenatzaileak erran duenez, “giroa nabaria da hirian eta taldea ilusioz dago jokatzeko, Errege Kopako historian taldeak izan duen ibilbidea aldatzeko asmoz”. 

Berezia izanen da taldearentzat denboraldiko azken hitzordu hau. Izan ere, jokoan duenaz gain, etxean arituko da eta hori abantaila izanen da irundarrantzat, zaleen babesa izanen dutelako. Mozasek dioenez, honek garrantzia erantsiko dio lehiaketari: “Gure pabilioian gaude, gure jendearekin, eta horrek hobeki egotera lagundu behar gaitu, etxean egoteaz disfrutatzeko. Ezin dugu presio bezala ulertu. Europan leku bat irabazi dugu, Ligan ere lehiakor aritu gara eta orain Bidasoaren Errege Kopako azken urteetako historia aldatzeko erronka dugu”. 

Azken denboraldietan talde horiak ez du ibilbide ona izan Errege Kopan, eta hori aldatzen saiatuko da aurtengoan. Historia aldatzeaz gain, Europarako txartela izanen du jokoan Bidasoak eta horri begira ari da taldea azken astean. Hala ere, ez da erraza izanen, hori lortzeko bi kanporaketa gainditu beharko baititu. Lehena gaurkoan, Torrelavegaren kontra.  Hori lortzeko, “oinarrira bueltatu behar” direla argi du entrenatzaileak, “ongi defenditu eta laster gehiago egin”. Aurkarian pentsatu baino, eurengan pentsatu behar dutela ere onartu du Mozasek, lehiaketa hauetan fisikoki baino, bakoitzaren egoera mentalak zerikusi handia duelako bere iritziz: “Lasaitasunez, baina ilusioz aritu behar gara. Neurketa hauetan egin beharreko lana mentala de %80an”. 

Garaipena lortzeko behar den guztia emanen dute gaur arratsean Artalekun, baina hori ez badute lortzen ere orain arteko lana ez da ilunduko: “Ezin da bi partiduengatik denboraldi oso bat baloratu. Ez da bidezkoa. Egin dugun denboraldia ona izan da, objetiboki. Gehiago ez ematearen penaz gaude, batez ere azken bi partiduetan, ezin izan baikara Plenitude ASOBAL Ligako bigarrenak izan. Lasaitasuna eta frescura falta izan zaigu. Hala ere ezin dut deus aurpegiratu. Ikasteko denboraldi bat izan da, niretzat, eta oso polita”. 

Gaurko emaitza edozein dela ere, Irudek Bidasoa Irunek denboraldia agurtzeko moduan dago. Eskuetan Europako txartela duela agurtzen saiatuko da, baina ez bada posible, burua goian duela aterako da Artalekutik abuztuan bueltan izan arte.