Gipuzkoako Pentatloi Txapelketa ospatuko da igandean Irungo Urdanibia plazan
Abuztuaren 8tik 10era Irunen eginen den 2025eko Euskal Jiraren barrenean, igandean (abuztuaren 10ean), Gipuzkoako Pentatloi Txapelketa ospatuko da Urdanibia Plazan. Laugarren urtez segidan eginen diote lekua herri kirolei hirian eta 11:30etik aitzinera hasiko da herri kiroletako bortz proba ezberdinez osatutako lehiaketa. Bertan, Xabat Olaizola, Beñat Telleria eta Ander Altuna izanen dira lehian. Honez gain, erakustaldiak ere eskainiko dituzte Jakes Iruretagoienak eta Jon Zalduak, baita Jone Uria eta Nerea Arruti eta Ane Urresti eta Malen Barrenetxea bikoteak ere.
Pentatloi txapelketa bortz probez osatutako herri kiroletako modalitatea da eta partehartzaile bakoitzak segidan osatu beharko ditu probak, banaka-banaka. Proba bakoitza bukatu arte ezin izanen du aitzinera egin eta ziklo osoa ahalik eta denbora laburrenean osatu beharko dute. Aurten, Xabat Olaizola, Beñat Telleria eta Ander Altuna izanen dira lehian egonen diren hiru herri kirolariak. Probak hauek osatu beharko dituzte:
- Harri-jasotzea: 100 kg-ko 20 jasoaldi harri zirkularrarekin.
- Giza proba: 2 plaza 400 kg-ko harria arrastaka eramaten.
- Aizkora: 45 hazbeteko 2 enbor eta 50 hazbeteko bat.
- Txingak: 4 plaza 50kg-ko txingekin.
- Korrika: 2 km.
Honez gain, aurten gizonezko eta emakumezko gazteen bi erakustaldi izanen dira goizean zehar ere. Gizonezkoei dagokienez, Jakes Iruretagoiena eta Jon Zaldua ariko dira nor baino nor honako proba hauek osatzen:
- Harri-jasotzea: 63 kg-ko 8 jasoaldi harri zirkularrarekin.
- Giza proba: plaza bat 250 kg-ko harria arrastaka eramaten.
- Aizkora: 45 hazbeteko 2 enbor.
- Txingak: 4 plaza 25 kg-ko txingekin.
- Korrika: 1 km.
Emakumezkoei dagokienez, Jone Uria eta Nerea Arruti bikoteak parte hartuko du erakustaldian, Ane Urresti eta Malen Barrenetxea bikotearen kontra. Probak honako hauek izanen dira:
-
- Harri-jasotzea: 55 kg-ko 10 jasoaldi harri zirkularrarekin.
- Giza proba: plaza bat 250 kg-ko harria arrastaka eramaten.
- Aizkora: 45 hazbeteko enborra.
- Txingak: 4 plaza 25 kg-ko txingekin.
- Korrika: 1 km.
Pasa den astean, Borja Olazabal Irungo Udaleko kirol zinegotziak eta Izaskun Arruti Gipuzkoako Herri Kirol Federazioko presidenteak aurkeztu zuten igandean ospatuko den Gipuzkoako Pentatloi Txapelketa.