Gol bakar bateko aldeagatik punturik batu gabe gelditu zen Irudek Bidasoa Irun

2025/10/22
SG Flensburg Handewitt taldearen kontra 32-33ko markagailuarekin galdu zuen talde irundarrak. EHF European Leagueko Multzo Faseko bigarren jardunaldian bikain aritu ziren Alex Mozasen mutilak eta garaipena ere eskura eduki zuten. Hala ere, Alemaniako Bundesligako liderrak bere gaitasun guztiak erakutsi zituen azken minutuan eta, gol bakarreko aldearekin, garaipena eskuratu zuen.
Gol bakar bateko aldeagatik punturik batu gabe gelditu zen Irudek Bidasoa Irun
Irudek Bidasoa Irun 32
33 SG Flensburg Handewitt

Irudek Bidasoa Irunek ezin izan zuen atzokoan SG Flensburg Handewitt taldea garaitu. Bigarren zatiaren gehiengoa aitzinetik egon arren, talde alemaniarrak bere gaitasun guztiak erakutsi zituen azken minutuetan eta 32-33ko markagailuarekin irabazi zuen. Neurketa bikaina egin zuten Alex Mozaen mutilek eta akats guti batzuek zigortu zuten taldea, EHF European Leagueko Multzo Faseko bigarren jardunaldiko puntuak Alemaniara bidaliz. 

Neurketaren hasieran, bi taldeen defentsak nagusitu ziren. Bai talde irundarra, bai alemaniarra ere, sendo aritu zen bere atea defendatzen eta hori markagailuan ere islatu zen (4-5, 10. min). Flensburgen erasoak geroz eta indartsuagoak ziren eta lehen abantaila txikiak lortzen hasi ziren, lehen ordu laurdenean 8-10ekoa ezarriz. Hurrengo jokaldietan ordea, alemaniarrak jokalari bat gutiagorekin gelditu ziren eta Bidasoak hori aprobetxatu zuen emaitza berdintzeko (11-11, 22. min). Parekotasun hori mantendu zen lehen zatiko azken minutuetan, eta atsedenaldira ere 17nako berdinketarekin joan ziren bi taldeak, talde irundarra erasoa fin ibili ondotik. 

Bigarren zatia indartsu hasi zuten bidasotarrek, lehen zatiko lana hobetuz. Aurtengo denboraldiko dinamikari segida emanez, azken ordu erdiaren hasieran lortu zuten etxekoek markagailuan aitzinetik jartzea. Rodrigo Salinas eta Dariel Garciaren golei esker, 22-19koa ezarri zuen taldeak lehen bortz minutuetan. Hiru goleko abantaila hori bukaera bitarte mantendu zuten Alex Mozasen mutilek, lauko tartea ere lortuz. Azken hamar minutuetan ordea, Flensburgek erreakzio gogorra izan zuen, partiduak ihes egiten ziela ikusirik. Alemaniarrek erritmoa areagotu zuten, bai erasoan baita defentsan ere, eta bira murriztu zuten bi taldeen arteko aldea (30-28, 52. min). Darielen kanporaketa gertatu zen ondotik, eta bisitariek ongi aprobetxatu zuten egoera 0-3ko partziala egiteko eta markagailua iraultzeko (30-31, 55. min).

Alex Mozasek eskatutako hutsartearen ondotik, alemaniarren erritmoa ez zen jeitsi eta bidasotarrak ere akatsak egin zituzten erasoan. Flensburgek bi goleko abantaila lortu zuen orduan, baina borrokan segitu zuen Bidasoak. Nacho Vallesek gola lortu zuen, 31-32koa ezartzeko azken bi minutuetan, baina alemaniarrek berriz ere erasoan asmatu eta 31-33koa eskuratu zuten. Berdintzeko aukerarik gabe gelditu zen etxeko taldea, baina hala ere, Gorka Nietok bere azken aukera ongi aprobetxatu zuen. Azken gola sartu eta 32-33ko markagailuarekin bukatu zen neurketa. 

EHF European Leagueko Multzo Faseko bigarren jardunaldian punturik batu gabe gelditu zen Irudek Bidasoa Irun, Bundesligako liderraren kontra bikain ibili arren. Zapore gazi gozoarekin bukatu zuten jokalari eta teknikariek neurketa, nahiz eta pozgarria izan zen taldea maila horretan aritzen ikustea eta, etorkizunera begira, berri ona izanen den hori. Europako txapelketak atsedena izanen du orain, azaroaren 11ra arte, baina bitartean, Nexus Energia ASOBAL Ligari segida emanen dio Bidasoak. Artalekun jokatuko du berriz ere taldeak, larunbatean (urriaren 25ean), SANICENTRO BM Guadalajara taldearen kontra (19:30).