Gure Txokoak Amara Berri bere aurkari zuzena garaitu zuen
Gipuzkoako Ligako Erregionaleko Lehen mailako Gure Txokoak 3-1eko markagailuarekin garaitu zuen asteburuan Amara Berri, momentuan bere aurkari zuzena zen taldea hain zuzen ere. Galtzen hasi zen Berako taldea Matzadan, baina poliki-poliki, euren lekua hartu eta markagailua iraultzeko gai izan ziren, sailkapeneko hirugarren postuari eutsiz eta distantzia hartuz talde donostiarrarekin. Ohorezko Erregional Mailako Beti Gaztek berriz, 1-1eko emaitzarekin berdindu zuen Tolosarekin igande arratsaldean. Maldan gora jarri zitzaien lesakarrei partidua lehen minutuetan. Hala ere, burua galdu gabe, lanean segitu zuten eta gai izan ziren berdindu eta jardunaldiko puntuak banatzeko.
Gure Txokoak partidu garrantzitsua zuen aurreko asteburuan, oraindik ere igoera fasea jokatzeko aukerak irekiak edukitzeko. Sailkapenean beratarrekin puntuetan berdinduta zegoen Amara Berri jaso behar zuten Matzadan eta beraz, puntuak eskuratzea “hil ala bizikoa” zen Mikel Esnaola entrenatzaileak adierazi duenez. Hala ere, partidua zailtasunekin hasi zen etxeko taldearentzat. Aukera garbi bat eduki zuten hasieran, baina jaurtiketa zutoinera bidali zuten. Lehen zatia 0-0 bukatu behar zela zirudienean ordea, donostiarrek kontraeraso batean 0-1ekoa ezarri zuten euren alde.
Bigarren zatia modu beretsuan hasi zuten bi taldeek, baina Gure Txokoak aldaketa batzuk egitea erabaki zuen ordu laurdenera: “60. minutuan eraketa aldatu genuen eta partiduaren nondik norakoan eragina izan zuen. Partiduari buelta eman baikenion horrela”. Hain zuzen ere, hamar minutu beranduago, aldeko penalti batean bitartez, 1-1ekoa lortu zuten beratarrek eta hurrengo bi jokaldietan, bertze bi gol sartu zituzten, Joel Freireren eskutik biak. Horrela, 3-1eko markagailuarekin, garaipena lortu zuen Mikel Esnaolaren taldeak eta jardunaldiko hiru puntuak ere eskuratu zituzten, neurketaren hasierako helburuak lortuz. Honen ondotik, urte bukatzeko berriz ere Matzadan arituko da taldea, Behobia Bren kontra, igandean (abenduaren 21ean), 11:30ean.
Beti Gaztek puntu bat atera zuen Mastegin
Beti Gaztek berriz, 1-1eko markagailuarekin berdindu zuen Tolosaren kontra, pasa den igande arratsaldean etxean. Kasu honetan ere, aurkaria lesakarrekin nahiko parekatua dagoen taldea da eta beraz, etxekoek bazekiten neurketa ez zela batere erraza izanen, eta hala izan zen, lehen minutuetan maldan gora jarri baitzitzaien garaipena Eneko Ferradasen jokalariei. Lehen ordu laurdenean, Oier Mitxelenak bere atean gola sartu eta abantaila eman zien tolosarrei. Hortik aitzinera, “ongi sentitu zen taldea”, baina ez zuen “hutsunerik aurkitu aukerak sortzeko” eta beraz, 0-1ekoarekin joan ziren atsedenaldira. Ferradasek azaldu duenez, argi zuen Beti Gaztek “hobetu zezakeela eta atsedenaldian, jokua aldatu genuen, izan genituen hutsune horiek konpontzeko”.
Aldaketa hauek fruituak ekarri zituen eta bigarren zatian buru-belarri aritu zen taldea lanean emaitza berdintzeko helburuarekin. Entrenatzaileak taldea zoriondu nahi izan du, “burua galdu beharrean, lanean segitu” zutelako min eginez eta “orain arteko joku hoberenetarikoa erakusten”. Horrela, tolosarren zelaian jokatu zuten gehien bat, baloi azkarrak lapurtzen eta aukerak sortzen. Azkenik, horietako batean 1-1ekoa ezarri zuen Eloi Bassek eta 2-1ekoa ezartzeko puntuan ere izan ziren lesakarrak, nahiz eta azken gol horrek ihes egin zien. Eneko Ferradasek aipatu duenez, “puntua baloratzea egokitu” zaio taldeari. Pena izan zen “eskura” eduki baitzuten garaipena, baina “bertze puntu batekin taularen erdialdean” kokatu da Beti Gazte eta leku eroso batean emanen dio bukaera urteari. Hain zuzen ere, etxetik kanpo jokatuko dute lesakarrek urteko azken partidua. Beasain B bisitatuko baitu, larunbatean (abenduaren 20ean), 16:00etan.