Gure Txokoak bertze garaipen bat eskuratu zuen Matzadan
Gipuzkoako Ligan ari diren Bortzirietako futbol talde nagusiek modu desberdinean bukatu dute asteburuko jardunaldia. Berako Gure Txokoak hirugarren garaipena segidan lortu du Matzadan, etxean, Ostadar Bri 4-2ko markagailuarekin garaitu ondotik. Lesakako Beti Gaztek ordea, 4-0 galdu zuen Zumarragan, bertako Urola taldearen kontra. Hala ere, bi taldeek ilusioz eta gogoz ekin diote aste berriari; batzuk garaipenak errepikatzeko asmoz, bertzeak porrota iraultzeko helburuarekin.
Erregional Lehen mailako Gure Txokoak 4-2ko emaitzarekin garaitu zuen, pasa den larunbatean, Ostadar B. Bere aurkari zuzena zen orduan, bi puntuko aldea baitzuten sailkapenean. Mikel Esnaola entrenatzaileak onartu duenez, beratarrek bazekiten “gogorra” izanen zela partidua eta “kontraerasoan min” eginen zuela talde bisitariak, eta horrela izan zen. Hala ere, markagailuan aurrea hartzen lehenak etxekoak izan ziren: “Lehen zatian, 1-0ekoa sartzea lortu genuen, Gorkaren bitartez. Baloi geldian min handia egiten ari ziren Ostadar taldekoak, baina aldeko korner batean lortu genuen gola sartzea eta atsedenaldira ere horrela joan ginen”.
Aldageletan, “hasiera on bat egitea garrantzitsua” zela azpimarratu zuen Esnaolak eta jokalariak ongi zelairatu ziren. Lehen jokaldian, arrisku egoera bat sortu zuen talde beratarrak eta kontrako penalti bat eragin zuen, baina epaileak ez zuen ikusi eta aitzinera segitu zuten jokoarekin. Hori aprobetxatuta, hurrengo minutuetan aldea handitzea lortu zuen, 2-0ekoa ezarriz markagailuan. Hori guti balitz, Enaitzen bitartez, bertze bi gol sartu zituen Gure Txokoak eta 4-0ekoarekin jokoa lasaitu zuten. Hori ikusita, Ostadarrek indarrez ekin zion berdintzeko helburuari eta tartea murriztea lortu zuen, bi gol sartuta. Esnaolak aipatu duenez, “taldea beldurtu zen”, 4-2koa ikusita, baina “erritmoa sartu genion eta Ostadarrek ez zuen lortu arrisku gehiago sortzea”. Horrela bada, hiru puntuak Matzadan gelditu ziren eta horrela, sailkapenean era aitzina hartu zion Gure Txokoak Ostadar taldeari, gol averagean ere irabaziz.
Asteburu borobil honen ondotik, beratarrek Trintxerpe bisitatuko dute heldu den larunbatean, azaroaren 15ean, 18:30ean.
Beti Gaztek denboraldiko bigarren porrota jaso zuen
Ohorezko Erregional mailako Beti Gaztek berriz, 4-0eko markagailuarekin galdu zuen Urolaren kontra asteburuan. Eneko Ferradas entrenatzaileak kontatu duenez, “nahiko ongi” hasi zuten partidua, “intentsitatearekin”. Aukerak ere sortu zituzten lesakarrek, eta eroso sentitu ziren Zumarragako zelaian, baina orduan, 1-0ekoa etorri zen etxekoen partetik eta “taldea behera etorri” zela onartu du prestatzaileak: “Une hori gogorra izan zen eta, egia esan, neurketaren garaipenean erabakigarria izan zen”. Bigarren gol bat ere jaso zen Beti Gaztek atsedenaldia baino lehen, alboko sake baten ondoren, eta aldageletara 2-0ekoarekin joan ziren.
Bigarren zatian, “taldea ondo atera” zela onartu du Ferradasek eta “merito handiz” gainera, ez baita erraza izan zituzten “sentsazio txarren ondotik, beste aurpegi bat ematea”. Hala ere, ez zuten euren egun onena izan eta hirugarren gola ere jaso zuten, partidua “itxitzat” emanez. Laugarrena ere etorri zen, neurketaren azken minutuetan, taldea “guztiz desorekatua” zegoenean eta horrela, hiru puntuak Urolarentzat izan ziren.
“Porrota gogorra” izan zen oroitu du Ferradasek, “emaitzagatik eta sentsazioagatik”, baina taldeak ez duela “burua galdu behar” ere argi du entrenatzaileak: “Egun txarra edozein taldek izan dezake eta gurea hau izan da”. Aste berri honetan, “taldeari konfiantza helarazi” behar zaiola aipatu du. Izan ere, denboraldiko bigarren porrota bertzerik ez da izan hau eta euren buruetan sinetsi behar dutela azpimarratu du entrenatzaileak. Heldu den asteburuan, helburua “ilusio handiz” jokatzea izanen dela argitu du prestatzaileak eta porrot hau iraultzeko aukera aproposa dela sinetsi. Mastegin arituko da taldea heldu den igandean, azaroaren 16an, Elgoibarren kontra (16:30).