Gure Txokoak bigarren garaipena segidan lortu du asteburuan

2025/11/04
Bertze gol zaparrada batekin lortu zuen talde beratarrak Dunboa Eguzki garaitzea Matzadan. 7-0ekoarekin hiru puntuak eskuratuz, aurten etxean indartsu daudela erakutsi zuen bertze behin Gure Txokoak. Beti Gaztek aldiz, eskura eduki zuen garaipena, baina azkenean, 2-2koarekin, puntuak banatu behar izan zituen Mutrikurekin.
Gure Txokoak bigarren garaipena segidan lortu du asteburuan

Gipuzkoako Ligan ari diren Bortzirietako bi futbol talde nagusietatik bakar batek ere ez du punturik galdu asteburuan. Hala ere, batzuk bertzeak baino kontentuago bukatu zuten asteburua. Izan ere, Erregional Lehen mailako Gure Txokoak bigarren garaipena segidan lortu zuen igandean etxean, Dunboa Eguzkiri 7-0 irabazita. Ohorezko Erregional mailako Beti Gaztek aldiz, eskura eduki zuen garaipena, baina 2-2koarekin, puntuak banatu behar izan zituen azkenean Mutrikurekin. Edonola ere, biak lanean segitzearen konpromezua berretsi dute. 

Gure Txokoak “konfiantzarako garaipen ona” erdietsi zuen pasa den igandean, azaroaren 2an, Matzadan. Dunboa Eguzki izan zuen aitzinean eta 7-0ekoarekin irabazi zuten beratarrek. Partidua “aurpegiz” jarri zitzaien etxekoei hasieratik, Mikel Esnaola entrenatzaileak kontatu duen moduan. Gol goiztiar batekin, markagailua euren alde jarri zuen Enaitz Portuk laugarren minutuan, baina taldea ez zen erlaxatu, Dunboa Eguzkik neurketa parekatzeko jokoa erakutsi zuelako orduan. Hala ere, bigarren gola beratarrena izan zen berriz, Mikel Irazokik kontraeraso batean sartutako, baita hirugarrena ere, lehen zatiaren luzapenean. Honela, atsedenaldira 3-0ekoarekin joan zen Gure Txokoa. 

Aldageletan “bigarren zatiaren lehen 15-20 minutuan garrantzitsuak” izanen zirela argitu zuen Esnaolak eta jokalariek kasu egin zioten. Zelairatu eta berehala lortu baitzuen taldeak laugarren gol erabakigarria. Entrenatzaileak dioenez, “Dunboa behera etorri zen” orduan eta etxekoek berriz, indartsu mantendu ziren aldea handitzeko. Bertze hiru gol ere etorri ziren ondotik eta 7-0eko behin-betiko emaitzarekin hiru puntuak ere poltsikoratu zituzten beratarrek. Zoritxarreko jokaldi bat ere izan zuen neurketak azken minutuetan. Iñaki Ruiz kapitainak kolpe bat hartu zuen buruan eta ezinegona sortu zuen honek taldekideen artean. Esnaolak jakinarazi duenez, kolpea “ez da uste genuena bezain larria eta segidan gurekin egotea espero dugu”. Bere taldekideek lanean segituko dute bitatartean heldu den asteburuan, berriz ere etxean, garaipena eskuratu ahal izateko, bertan “indartsu” sentitzen delako talde beratarra. 

Beti Gaztek puntuak banatu zituen Mutrikurekin

Ohorezko Erregional mailako Beti Gaztek berriz, ezin izan zuen garaipena etxera bueltan ekarri. Mutriku bisitatu zuen talde lesakarrak larunbatean, azaroaren 1ean, eta 2-2ko markagailuarekin, berdinketarekin bukatu zuen partidua. Aldez aitzinetik, partidua zaila izanen zela bazekiten lesakarrek. Eneko Ferradas entrenatzaileak onartu bezala, “beraiek behar batean daude eta etxean sendoan dira”. Konzentrazioa behar zuen talde bisitariak eta horrela jokatu zuen hasieratik. “Lehen zatian nagusi izan ginen, lan ona egin genuen et aurkariaren zelai erdian jokatu genuen”, aipatu du entrenatzaileak. Gaineratu duenez, “eroso sentitu ginen eta aukerak izan genituen, bi langa barne, baina ez genuen asmatu”. Horrela beraz, atsedenaldira 0-0ekoarekin joan ziren bi taldeak.  

Aldageletan lanean ongi ari zirela azpimarratu zien Ferradasek jokalariek eta gola iritsiko zela bermatu. Hala ere, “aurkariak bere jokoa geroz eta garbiago lortzen zuen eta gehiago estutu” zituen lesakarrak. Bisitariak ez ziren kikildu eta bertze bi aukera sortu zituen, errematatu gabe gelditu zirenak. Azkenean, ordea, gola lortu zuen Beti Gaztek: “Julen Urdangarinek sartu zuen gola, 1-0ekoa. Taldearen heldutasuna nabarmendu nahiko nuke, ez baita erraza hainbeste aukera eduki eta ez sartzea”. Hurrengo minutuetan Mutrikuk ederki estutu zituen aurkariak eta, aldaratze batean, neurketa berdintzea lortu zuen. Lesakarrek, amore eman gabe, bigarren gola lortu zuten, Asier Larralderen burukada baten bitartez. Garaipena eskura zuten lesakarrrek, baina etxekoek ere puntuak nahi zituzten eta orduan, zoritxarreko jokaldia etorri zen bisitarientzat: “Azkeneko minutuetan zoritxarreko jokaldi bat izan genuen eta 2-2koa lortu zuen Mutrikuk. Kolpe gogorra izan zen, oso gertu genuelako garaipena, baina orokorrean partidu ona egin zuen taldeak”. 

Zapore gazi-gozoarekin bukatu zen beraz, asteburuko partidua Beti Gazterentzat. Ferradasek azpimarratu duenez, taldea “nortasunarekin eta konpromezuarekin” aritu zen eta orain, “honetatik ikasi, mina onartu eta lanean segitu” bertzerik ez zaie gelditzen. Aurtengo aurkarien maila altua dela ere onartu du entrenatzaileak, eta honen aitzinean bere jokalariak “eredugarriak izaten ari” direla. Gaur hasiko dira berriz ere entrenatzen eta “gauza positiboak” ateratzen, heldu den asteburuan Zumarragara joateko.