Gure Txokoak bina berdindu zuen Urolarekin igoera faseko lehen jardunaldian
2026/01/27
Beratarrek partiduaren azken minutuan lortu zuten emaitza berdintzea eta beraz, etxetik kanpo puntua lortuta, pozik bueltatu ziren etxera. Beti Gaztek berriz, ezin izan zuen Deusto garaitu eta 2-0eko markagailuarekin bigarren porrota segidan jaso zuen. Taldeak lan ona egin zuen, baina aurkariak sartutako golek nahasi egin zuten lesakarren jokoa eta ez ziren gai izan hori iraultzeko.
Gipuzkoako Ligan ari diren bi futbol talde nagusiek denboraldiko bigarren faseari ekin zioten asteburuan. Erregionaleko Lehen mailako Gure Txokoak igoera faseko lehen jardunaldia jokatu zuen, Urola Bren kontra, eta 2-2ko markagailuarekin berdindu zuen aurkariarekin, fase berriko lehen puntua ere irabaziz. Ohorezko Erregional mailako Beti Gaztek berriz, denboraldiko bigarren itzuliko lehen partiduan porrot egin zuen, Deustoren kontra, 2-0eko emaitzarekin. Lesakarrek neurketa nahasi bat jokatu zuten eta ezin izan zioten aurre egin talde donostiarrari.
Gure Txokoak igoera faseko lehen puntua irabazi du
Gure Txokoak igoera faseari ekin zion pasa den asteburuan, Urola Bren kontra jokatutako partiduarekin. Etxetik kanpo puntuak irabazi nahi ditu talde beratarrak eta helburu horrekin joan ziren Zumarragara. Neurketa “hagitz berdindua” hasi zela adierazi du Mikel Esnaola entrenatzaileak. Bi taldeek ere “aukera pare bat” eduki zituztela argitu du, baina ez batak ez bertzeak ez zuela markagailua ireki lehen jokaldietan. Atsedenaldira bidean ordea, etxekoek 1-0ekoa lortu zuten eta beratarrak beraz, galtzen joan ziren aldageletara, baina “sentsazio onekin” betiere.
Bigarren zatian, “gehiago izaten” hasi ziren eta aurkaria bat gutiagorekin gelditu zela aprobetxatuz, 1-1ekoa ezarri zuen Gure Txokoak. “Eszenatoki polita genuen aitzinetik”, azaldu du Esnaolak, baina etxekoek “geldikako jokaldi batean, 2-1ekoa sartu zuten buruz eta berriz ere galtzen” jarri ziren beratarrak, denbora guti zutela arauzko denbora bukatzeko. 90. minutuan gainera, bisitarien taldeko jokalari bat bota zuen epaileak, entrenatzailearen ustez “arrazoirik gabe”, eta luzapena hamar hamarren kontra hasi zuten. Beratarrek sinetsi zuten berdinketa posible zela azken minutu horietan eta hori egin zuten, azken jokaldian gola sartu eta 2-2koa ezarri. “Ikusita partidua nola joan zen, kontent gaude lortutako puntuarekin”, dio Esnaolak.
Beti Gaztek puntuak Zubietan utzi zituen
Ohoreko Erregional mailako Beti Gaztek berriz, porrotarekin hasi du denboraldiko bigarren itzulia. Deusto bisitatu behar zuten lesakarrek eta 2-0eko markagailuarekin bukatu zen euren arteko partidua. “Lehen zati txukuna” egin zuen taldeak eta horrela dio Eneko Ferradas entrenatzaileak: “Gure gol aukerak izan genituen, baina ez genuen atean asmatu. Hala ere, taldea ez zegoen deseroso. Deusto ere ongi aritu zen, baina lasai joan ginen atsedenaldira, aukerak izan genituela ikusirik eta bigarren zatiari aurre egingo geniola sinetsirik”.
Aldageletatik bueltan beraz, 0-0ekoarekin hasi zuten berriz ere partidua bi taldeek. Lesakarren ezbeharra hor gertatu zen, neurketaren norabidea guztiz aldatu zuena: “Gure jokalari bat lesionatu zen eta hamarrekin gelditu ginen bizpahiru minutuz. Deustok 1-0ekoa sartzeko aprobetxatu zuen eta horrek desorekatu gintuen. Protesta egin genuen, baina beraiek 2-0ekoa ezarri zuten segidan. Hori ere jokoz kanpo zela uste dugu, baina epaileak ez zuen ezer egin eta horrek asko nahasi gintuen”. Horren ondotik, euren lekua aurkitu ezinean aritu ziren bisitariak, nahiz eta azken minutuetarako jarrera aldatu eta berriz ere aukerak sortu zituzten markagailuko aldea murriztu nahiean. Hala ere, ez zuten lortu eta 2-0eko behin-betiko emaitzarekin bukatu zen partidua.
Ferradas entrenatzaileak onartu du taldea “ez zela gai izan partidua aldatzeko”. “Ez genituen euren golak ongi kudeatu eta hor dugu orain lanketarik handiena”, gehitu du. Taldeak “lan ona” egin zuela ere azpimarratu du, nahiz eta kostatzen ari zaien gol aukerak sartzea. Prestatzailearen ustez hori ailegatuko da, “taldeak entrenamendu onak” egiten dituelako eta horrekin segituta, “emaitzak ailegatuko direlako”. Orain, garrantzitsuena, larunbatean Mastegin hiru puntuak eskuratzea izanen da, taldeak arnasa har dezan.