Gure Txokoak denboraldiari hasiera emanen dio asteburu honetan

2025/09/19
Erregional mailako lehen jardunaldia jokatuko du Berako taldeak bihar, irailaren 20an (17:30), Ostadar taldearen kontra. Sei aste darama Gure Txokoak denboraldia prestatzen eta poliki-poliki hobetzen ari dela azpimarratu du Mikel Esnaola entrenatzaileak. Aurtengo helburua, azken urteetan bezala, igoeratik hurbil egotea izanen da, mailako talde onenen artean alegia.
Gure Txokoak denboraldiari hasiera emanen dio asteburu honetan

Gipuzkoako Ligako Erregional mailako Gure Txokoak denboraldiari hasiera emanen dio asteburu honetan. Ostadarren kontra jokatuko dute beratarrek lehen partidua, etxetik kanpo, larunbatean (irailaren 20an) 17:30ean. Abuztuan hasi zen taldea denboraldia prestatzen eta sei astez entrenamendu bereziak egin ondotik, prest dago aurtengo helburuei heltzeko. Hain zuzen ere, pasa den urteetan begiz jota izan duten igoera lortzen saiatuko dira aurtengoan ere, mailako talde onenen artean egotea izanen baita helburu nagusia. 

Abuztuaren 12an hasi zen Gure Txokoa aurredenboraldiko entrenamenduekin. Mikel Esnaola entrenatzaileak aipatu duenez, “kontent gaude sei aste hauetan egindako lanarekin”. Izan ere, saio hauetan landutakoarekin, “taldea hobetzen ari da, lan txukuna egiten ari gara, nahiz eta oraindik ere hortan segitu behar dugun”. Pasa den denboralditik taldea ia bere horretan mantendu da: “Hiru jokalari joan dira eta bertze bi berri ditugu. Jubeniletatik ere batzuk igo dira, baina orokorrean, ez da aldaketa handirik izan”.

Aurredenboraldiaren barrenean, beratarrek bost lagunarteko jokatu dituzte. Lehenengo biak gogorrenak izan zirela aipatu du Esnaolak: “Lehenengo biek gogorrenak izan ziren, Baztan eta Doneztebe taldeen kontra. Maila altuagoan dauden bi talde dira eta sufritu genuen, baina hori zen gure helburua: defentsiboki nola ginen ikustea, baita genituen akatsak identifikatzea ere, gero aurredenboraldian landu ahal izateko”. Bi lehenengo horietan porrot egin ondotik, Lagun Onak eta Oiartzun taldeen kontra lehiatu zen Gure Txokoa eta hor garaipena eskuratu zuen taldeak, golik jaso gabe gainera. Azkenik, Axularren kontrako partidua jokatu zuten beratarrek, pasa den asteburuan, eta hor ere porrot egin zuten, nahiz eta “kontent” gelditu ziren “emandako itxurarekin”. 

Prestaketa lanak bukatuta, larunbat honetan, irailaren 20an, emanen dio Gure Txokoak hasiera denboraldiari. Ostadar izanen du lehen aurkaria, bere etxean, 17:30ean. Mikel Esnaolak aipatu duenez, “erreferentzia guti” ditu taldearen inguruan. Pasa den urtean “talde ona” zela ohartarazi diote, eta hori kontuan hartuta arituko dira euren kontra. Hala ere, gehiena neurketan bertan ikusiko dutela aipatu du entrenatzaileak: “Partiduan ikusiko dugu non gauden talde bakoitza. Hori eginen dugu lehen jardunaldietan ere, eta orduan zehaztuko ditugu gure helburuak”. Hain zuzen ere, goizegi da Esnaolaren ustez helburuak finkatzeko, baina dagoeneko badituzte ideia batzuk. Izan ere, azken denboraldietan igoera lortzeko hurbil ibili dira beratarrak eta berriz ere hori errepikatu ahal izatea da euren nahia: “Azken urteetan igoera lortzeko puntuan egon gara, goiko postuetan. Hurbil izan dugu eta, hagitz zaila bada ere, hor ibili nahi dugu aurten ere. Helburua igoeratik hurbil egotea da eta bukaera bitarte joko horretan mantentzea”. 

Honekin guztiarekin beraz, “gogoz” dago Gure Txokoa denboraldiari hasiera emateko eta espero dute “urte polita eta berri onak edukitzea” asteburuz asteburu. Hori lortzeko bada, lehen erronka bihar bertan izanen du taldeak, Ostadarren kontra. Bertan bildu ahal izanen ditu denboraldiko lehen hiru puntuak.