Gure Txokoak denboraldiko lehen hiru puntuak eskuratu ditu

2025/09/30
Berako taldeak 4-0eko markagailuarekin garaitu zuen Trintxerpe, pasa den larunbatean Matzadan. Beti Gaztek berriz, bana berdinduta bukatu zuen Mondragon taldearen kontra. Lesakarrek galdu gabe segitzen dute denboraldi hasiera honetan eta lehiakorrak direla erakusten ari dira, etxean eta etxetik kanpo.
Gure Txokoak denboraldiko lehen hiru puntuak eskuratu ditu

Gipuzkoako Ligan, Gure Txokoako gizonen Erregional lehen mailako taldeak denboraldiko lehen garaipena eskuratu zuen, pasa den larunbat arratsaldean Matzadan. Trintxerpe taldea jaso zuten beratarrek etxean eta 4-0eko markagailua eskuratu zuten, lehen hiru puntuak ere batuz. Mikel Esnaola entrenatzaileak adierazi duenez, aurkaria “hobea izan zen lehen zatian eta aukerak ere sortu zituen, baina gu izan ginen golak sartu zituztenak”. Hain zuzen ere, atsedenaldirako garaipena erabakita utzi zuen Berako taldeak, 4-0ekoarekin. Neurria hartu zioten honela partiduari eta bigarren zatian, aukera garbirik eduki ez bazuten ere, “partidua kontrolpean” eduki zuten etxekoek, garaipena bereganatzeko. 

Momentu gaziak ere izan zituen denboraldiko bigarren jardunaldiak. Izan ere, Adur Huici taldeko kapitainak lesio bat sufritu zuen, lehiaketatik kanpo utziko diona hilabete batzuz: “Bostgarren metatarsianoa xehetu zuen Adurrek, guretzat baja garrantzitsu bat izanen dena”. Hala ere, entrenatzaileak pozik azaldu da taldeak egindako lanarekin eta orain, garaipen honek eman dien konfiantzarekin, lanean segituko dute puntu gehiago batzen segitzeko. 

Beti Gaztek puntu bat eskuratu zuen Mastegin

Ohorezko Erregional mailako Beti Gaztek berriz, bana berdindu zuen, pasa den larunbat arratsaldean ere, Mondragon taldearekin. Lesakarrek ezin izan zuten garaipena lortu, baina bederen punturik ez galtzea ontzat eman zuten. Eneko Ferradas entrenatzaileak adierazi duenez, “partidu on bat izan zen. Aurkaria hobetu aritu zen lehen zatian, baina guk ez genuen gehiegi sufritu”. Hain zuzen ere, penalti baten bidez aitzindu zen Mondragon markagailuan eta horrela joan ziren bi taldeak atsedenaldira. Aldageletan, “aspektu taktiko eta emozionata konpondu genituen eta bigarren zatian gehiago izan ginen”, onartu du Ferradasek. 

Bigarren zatiaren hasieran ailegatu zen berdinketa, Jon Zabalak sartutako golari esker. Etxekoak bigarren golaren bila ere aritu ziren, baina ez zen posible izan. Entrenatzailearen hitzetan pena izan zen hiru puntuak ez eskuratzea, baina “ongi lehiatu” zirenaren sentsazioarekin gelditu ziren, izan ere “egoerak zuzentzeko gai garela erakutsi” zuten. Lesakarrak galdu gabe segitzen dute denboraldi hasiera honetan eta hurrengo asteburuan ere gauza bera egin nahiko dute, zelai zail batean. Izan ere, Real Union Roca bisitatuko du Beti Gaztek heldu den asteburuan.