Hamar asteren ondotik hiru puntuak eskuratu ditu Beti Gaztek
2026/02/24
Berdinketa eta porrot dezenteren ondotik, urteko lehen garaipena lortu du Lesakako Beti Gaztek, Amaikak Bat taldeari 3-4ko markagailuarekin irabazita. Gure Txokoak berriz, 2-2koa eskuratu zuen Hernani Bren kontra. Biak ala biak pozik gelditu dira egindako lanarekin eta asteburu honetan, etxean, poltsikoratutako puntu horiek balioztatu nahi dituzte.
Gipuzkoako Ligan ari diren Bortzirietako futbol talde nagusiek puntuak batu dituzte asteburu honetako jardunaldietan. Ohorezko Erregional mailan ari den Beti Gaztek 3-4 irabazi zion Amaikak Bat taldeari, pasa den larunbat eguerdian. Aspaldian beharrezkoa zuen garaipena lortu zuen honela Lesakako taldeak eta hiru puntuak etxera bueltan ekarri zituen. Erregional Lehen mailako igoera fasea jokatzen ari den Gure Txokoak berriz, 2-2ko markagailuarekin berdindu zuen Hernani Brekin. Biak ala biak, pozik gelditu ziren egindako lanarekin, baita lortutako puntuekin ere.
Beti Gaztek aspaldian zuen beharrekoa horrelako garaipen bat. Hamar aste zeramatzan Lesakako taldeak irabazi gabe eta azkenean, etsi gabe aritu ondotik, Deban lortu zuen hiru puntuak poltsikoratzea. Amaikak Bat izan zuen aitzinean, momentuko aurkari zuzena eta neurketara “ideia garbiekin” joan zirela onartu du Eneko Ferradas entrenatzaileak: “Azken bi asteetan, nahiz eta taldearen sentsazioak eta lehiatzeko moduak onak izan, puntu bakarra lortua genuen. Taldeak lehian eta jarreran aldaketa egina zuen, baina emaitzek ez ziguten laguntzen. Debako partidua garrantzitsua zen gure aurretik zegoen taldea zelako, eta neurketara ideia garbiekin sartu ginen”.
Lehen minutuetan irabazteko grina nabaria zen Lesakako taldean eta aukerak ere eduki zituzten aitzinetik jartzeko, nahiz eta ezin izan zuten atean asmatu. Amaikak Bat gogor erantzun zuen hori ikusita eta hurrengo jokaldiak gogorrak izan ziren bisitarientzat, 2-0ekoa ezarri zutelako etxekoek. “Kolpe hori kudeatzea ez zen erraza izan, baina taldeak izaera erakutsi zuen segidan eta 2-2koa jartzea lortu genuen, 19. minuturako”, kontatu du Ferradasek. Hala ere, atsedenaldira bidean, akats baten ondotik, 3-2koa sartu zuten debatarrek eta horrela hasi zuten bigarren zatia ere.
“Jarrera onarekin eta lanean segitzeko grinarekin” zelairatzea izan zen Beti Gazteren helburua bigarren zatian eta hori izan zen egin zutena: “Aukerak izan genituen hasieratik, nahiz eta ez genuen asmatu. Etsipen momentua heldu zenean berriz, lanean segitu genuen eta 89. minutuan 3-3koa jartzea lortu genuen. Oso pozik gelditu ginen aurrerapausu horrekin eta saiatzen segitu genuen, 94. minutuan 3-4koa eskuratu arte”. Azken asteetako lana borobiltzeko ezin hobea izan zen lortutako emaitza, “bolada txarra mozteko aurkari zuzen baten kontra”. Horrela, indartsu bukatu zuten asteburua Beti Gazteko jokalari eta teknikariek eta modu berean eginen diote aitzin heldu den asteburuko erronkari ere. Mastegin hartuko dute orduan Anaitasuna, igandean (martxoaren 1ean), 16:30ean.
Gure Txokoak bina berdindu zuen Hernani Brekin
Erregionaleko Lehen mailako igoera fasean berriz, Gure Txokoak 2-2ko markagailuarekin berdindu zuen Hernani Brekin. Hauek ere pozik gelditu ziren egindako lanarekin, Mikel Esnaola entrenatzailearen erranetan: “Aurkarien emaitzak ikusita, postu bat aitzindu dugu eta pozik gaude puntu bat gehiagorekin”. Neurketa berdindua hasi zela ere oroitu du Esnaolak, “Hernanik joko zuzena bilatzen zuen”, baina beratarrek ordea, “lasaiagoa”. Horrela, “elkarri min ematen” ziotela ere argitu du. Hala ere, markagailuan aurrea hartzen lehena etxekoak izan ziren, estrategia jokaldi baten ondotik. Beratarren azkar erantzun eta, hiru minutu beranduago, penaltiz 1-1ekoa jarri zuten. Atsedenaldira bidean berriz, “joko zuzenarekin guri bizkar hartuta, 2-1ekoa” lortu zuen Hernanik.
Atsedenaldian “gauza pare bat zuzendu” eta beratarrek nahi zuten jokoa ezartzeko gakoak ere azpimarratu zituzten. Horrela, 75. Minutuan, hernaniarrak bat gutiagorekin gelditu zirela aprobetxatuz, gainetik pasa eta 2-2koa eskuratu zuten beratarrek, jardunaldiko puntuak ere banatuz. Puntu bat gehiagorekin, bederatzi ditu orain Gure Txokoak sailkapenean eta bortzgarren postuan dago kokatuta. Lortutako puntu hau balioztatzeko berriz, etxean jokatuko du heldu den asteburuan, larunbatean (otsailaren 28an), 17:30ean Landetxaren kontra.