Hasi dituzte Stadium Galen igogailua paratzeko obrak

2025/06/03
Bortz hilabetez luzatuko dira eta 366.476,97 eurokoa kostua izanen dute (BEZa barne). Helburua Stadium Gal irundar guztientzat irisgarri izatea da, adinekoek eta desgaitasun fisikoa duten pertsona guztiek futbolaz edota ekitaldi desberdinez goza dezaten. Horrez gain, Real Union Clubaren hazkundean urrats handi bat izango da zelaia egokitzea, bai igogailua jarrita, baita komunak egokituta ere.
Hasi dituzte Stadium Galen igogailua paratzeko obrak

Irungo Udalak Stadium Gal egokitzeko lanak hasi ditu, behin 2024/25 denboraldia bukatu dela aprobetxatuta. Patricio Arabolaza kaletik sarbidea izanen duen igogailu bat egiten ari dira, tribunako harmailetara eta bigarren solairura irteera izanen duena. Horrez gain, bi aldeetako harmailetako komunak berritu eta egokituko dituzte. Helburua zelaia irisgarria izatea da, adinekoek eta desgaitasun fisikoa duten pertsonek erraztasun guztiak edukitzea Galera hurbildu eta partiduez edota ekintza desberdinez goza dezaten. Bortz hilabetez luzatuko dira obrak eta guztira, 366.476,97 euroko aurrekontua du (BEZa barne). 

Azken urteetan Galen egin diren hobekuntzei, bertze bat gehiago gehituko zaio. Igogailua jarriko du Irungo Udalak zelaian, hiriko zale guztien irisgarritasuna bermatzeko. Obra, Mantenimendu eta Azpiegitura zinegotzia den Gorka Alvarezek erran duenez, “Gal Udaletxearen kirol azpiegitura bat da eta obra honekin bermatu nahi dugu irundar guztiak zelaira etorriko direla futbolaz disfrutatzera”. Hain zuzen ere, igogailu bat jartzea izanen da  hobekuntza nabarmenena: “Patricio Arabolaza kaletik sarrera izanen duen igogailu bat jarriko dugu. Bi solairuetara irteera izango ditu, Tribunara eta bigarren solairura. Desgaitasun fisikoa duten pertsonek irisgarri izatea nahi dugu”. Igogailuaz gain, komunak ere berritu eta egokituko dituzte: “Komunak ere aldatuko dira eta egokitu, bai Tribunakoak, baita beste aldeko harmailetakoak ere”. 2024/25eko denboraldia bukatu berri dela aprobetxatu dute obrak lehen bait lehen hasteko. Alvarezek jakinarazi duenez, “bost hilabetez luzatuko dira”, urria bitarte kalkuluen arabera, 2025/26 denboraldia hasia dagoela, eta 366.476,97 euroko aurrekontua izanen du (BEZa barne).

Borja Olazabal Kirol zinegotziak azpimarratu du “obra oso garrantzitsua dela Galentzat” eta gauza bera azpimarratu du Real Uniongo Administrazio Kontseiluko presidentea den Igor Emeryk. Bai klubak, baita zaleek ere, askotan eskatutako berrikuntza da eta honek Emerytarrek hasitako hazkundeari segida emanen dio. Lehendakariak gainera, Irungo Udala eskertu du obra hauek egiteagatik: “Eskerrak eman behar ditugu horrelako lan eta obra egiteagatik. Beharrezkoa zen berritze plan honetan. Klubera iritsi ginenetik, esfortzu handia egin dugu gure instalakuntzak hobetzeko, beti ere Udalaren laguntzarekin. Aulkiak hobetu ditugu eta orain Gal egokituko dugu, berritzeko eta irisgarri egiteko”.

Berrikuntzaren bide beretik segituz, aitzinera begira ere jarri dira Emery eta Alvarez. Lehenak adierazi du “urratsak ematen segitu behar” dela eta horren harira, “barrenetik ere  hobekuntzak” egiteko beharra badela. Hala ere, uda honetan jarri behar den igogailuarekin pozik daude, eta berrikuntza hau sinbolikoa izatea ere espero du presidenteak, hau da taldeak gora egitea igogailuarekin batera. Alvarezek, bere aldetik, zelaiaren inguruko berriak eman ditu. Berdegunea berritzeko beharra ere bada, baina horretarako azterketa bat egiten ari direla nabarmendu du, Irunera eta Galeko eremura hobekien egokituko den “belarra, substratua eta oinarria” zein den jakiteko. Horretarako, 25.000 euroko aurrekontua aurreikusi dute Udaletik, eta 2026ko udarako utziko dute instalakuntzen hobekuntzaren fase berri hau.