Igor Emery: “Real Union ez da soilik lehen taldea eta gure proiektua aurrera doa orain arteko ardatz nagusiekin”

2025/09/05
Real Unionen lehen taldeak 2025/26 denboraldiari hasiera emanen dio asteburu honetan, Amorebietaren kontra jokatuko duen partiduarekin. Lehen RFEF mailatik Bigarrenera jeitsi da talde irundarra eta honek murrizketak eragin ditu klubaren barne antolakuntzan. Hala ere, Igor Emery Real Uniongo Administrazio Kontseiluko presidenteak adierazi duenez, eurek hasitako proiektuak aitzinera segituko du helburu berarekin: haztea eta noizbait, modu egokienean, profesionaltasunera ailegatzea.
Igor Emery: “Real Union ez da soilik lehen taldea eta gure proiektua aurrera doa orain arteko ardatz nagusiekin”

Real Unionen lehen taldeak 2025/26 denboraldiko lehen jardunaldia jokatuko du igande honetan, irailaren 7an, Amorebietaren kontra (Urritxen, 12:00etan). Bigarren RFEF maila estreinatuko du honela, horretarako bereziki sortu duen plantilla onenarekin. Igor Emery Real Uniongo Administrazio Kontseiluko presidenteak denboraldiari hasiera emateko gogotsu daudela erran du, hori baita jokalariek erakutsi dutena ere, gogoa eta ilusioa lanean segitzeko. 

Naxararen kontrako aurredenboraldiko azken lagunartekoan garaipena eskuratu ondotik, Real Union prest dago denboraldiari aitzin egiteko. Igor Emery Real Uniongo Administrazio Kontseiluko presidenteak erran duenez, jokalariak eta teknikariak ere “gogoz eta ilusioz” daude Bigarren RFEF maila berri horretan jokatzeko. Eguneroko lanean hori nabarmena izan dela ere argitu du eta igandeko partidurako prest daudela.

Lehen RFEF mailatik jeitsiera onartu behar izan zuten pasa den ekainean, baina aurtengo helburuak ez dira gehiegi aldatu, ez taldeari dagokionez, ezta klubari dagokionez ere: “Gure asmoa talde lehiakor eta garaile bat izatea da eta, beti izan den moduan ere, futbol profesionalera ailegatzea”. Bidea ordea, ez da beti erraza izaten, klub txuribeltzarentzat izan ez den moduan: “Bizitzan bezala, bidea ez da beti aurreraka, baina aurrera begira jarriko gara beti, jakinda helburua hazten jarraitzea dela. Orain bizi dugun egoera onartu behar izan dugu, ez dagoelako besterik, eta hortik aurrera indarrez aurrera begiratuko dugu, beti goraka joateko asmoarekin”. 

Helburu hau begi bistan edukita ekin zioten udan Bigarren RFEF mailako taldea osatzeari. Lehenik Ramses Gil entrenatzailearekin sinatu zuten kontratua. Emeryk azaldu duenez, “aukeraketa bat egin genuen eta entrenatzaile batzuekin elkartu ginen. Azkenean, gure erabakia Ramses Gilekin aurrera egitea izan zen. Lehendabizi, berak erakusten zigunagatik eta gero, berarekin egon ondoren ere ikusi genuelako bere izaera egokia zela eta benetako gosea zuela”. Horren ondotik, Gil, Mikel Bengoa eta Ivan Curiel taldeko kideekin batera, jokalarien bila joan ziren. Behar zituzten profilak zehaztuta, nahi zuten guztia aurkitu zutela onartu du presidenteak: “Ramsesek ongi ezagutzen du merkatua eta nahi zuen horren bila joan ginen eta orain, nahi genituen jokalari horiek ditugu. Gainera, euskal nortasuna mantentzen eta sendotzen saiatu gara. Etxeko jokalariak ekartzea lortu dugu, erdiak baino gehiago euskaldunak dira orain. Profil aldetik, Ramsesek zelaian behar zuena aurkitu dugu eta berak nahi zuen taldea ikusten ari gara, batez ere entrenamenduetan. Asko eskatzen die [Gilek] jokalariei eta edozeinek ezin du erritmo hori segitu, baina gureak lortu dute horrela jokatzea”. 

Lehen taldeko plantillaz gain, talde txuribeltzak bigarren taldearen laguntza izanen du aurtengo denboraldian. Dagoeneko Rocako “zortzi bat jokalari izan dira lehen taldearekin aurredenboraldian eta bostpasei egunero entrenatzen izan dira, maila onean gainera”, Emeryk aitortu duenez, Aston Villaren ekarpena ere jasoko dute segidan, Galesko Thomas Katsukunya eta hori garrantzitsutzat jo du lehendakariak, “Aston Villaren aldetik konfiantza edukitzea, nahiz eta maila desberdin batean egon”. Oraindik zalantzan dagoen akordioa ordea, Hendaiako Beltzenia zelaiaren erabilpena da. Presidenteak erran du, berrantolaketan ondorioz, ikusi behar dutela oraindik ea bideragarria ote den beraientzat zelaia erabili eta mantentzea. 

Horrela, Real Unionen proiektuak aitzinera darrai, kluba ez baita lehen taldea soilik eta hauek maila galdu bazuten ere, bertze ardatz nagusiak tinko mantentzen direlako. Emeryk onartu du “egoera berrira egokitu” behar izan direla eta beraz, “murrizketak” izan direla klubaren barne antolaketan, baina hauek beharrezkoak izan direla azpimarratu du “pasa diren urteetako egoerak ez errepikatzeko eta erantzunkizunez jokatzeko, klubak aurrera egin dezan”. “Azkenean, inbertsioa klubean pentsatzen egiten dugu, ez lehen taldean soilik. Lehen taldeak berehalako emaitzak behar ditu, baina beste arloetan eraikuntza da behar duguna, kluba sendotzeko irudiaren, zaleen, babesleen eta jokalarien aldetik. Proiekatuak aurrera jarraitzen du nahiz eta lehen taldea jeitsi edota Mariño Real Union igo. Emaitza on eta txarrek ez dute gure proiektuaren bidea aldatuko”. 

Zaleak ere aipatu ditu presidenteak eta aurtengo bidaiak “ez hain luzeak eta politak direnez”, espero du euren babesa hurbil sentitzea denboraldian zehar. Dagoeneko abonatuen kanpaina abiatu zuen klubak orain dela pare bat aste eta ongi doala adierazi du Emeryk: “Baja batzuk izan ditugu, baina abonatu berri gehiago daude bajak baino. Aurten detaile bat eduki nahi izan dugu abonatuekin eta kamiseta berria oparitu diegu eta ongi funtzionatu du honek. Ikusi dugu momentu onetan eta zailetan zaleak hor daudela eta espero dugu iaz Lezaman lortu genuena errepikatzea”. Batez ere Igor Emeryk espero duena da “jendeak gozatzea eta taldeaz harro sentitzea”. Horretarako bi asteburutik behin Stadium Galen izanen dute aukera taldea babesteko, normalean larunbatetan 19:00etan. Hala ere, Irunen jokatuko duten lehen partidua igandearekin izanen da, irailaren 14an, bertze kirol hitzordu batzuek baldintzatuta, nahiz eta gozatzeko grina bere hortan mantenduko den ziur.