Irudek Bidasoa Irun berriz ere garaipenaren bidean sartu da
Irudek Bidasoa Irunek 34-31ko markagailuarekin garaitu zuen, pasa den larunbat arratsaldean, Sanicentro BM Guadalajara taldea. Neurketa parekatua jokatu zuten bi taldeek eta etxekoek gogor borrokatu behar izan zuten bi puntuengatik. Lehen ordu laurdenean bisitariek lortu zuten aitzina hartzea, baina horren ondotik, Alex Mozasen taldeak bere nagusitasuna erakutsi eta bere alde jarri zuen markagailua bukaera bitarte. Hiru goleko aldearekin, jardunaldiko puntuak bidasotarrenak izan ziren.
Neurketaren lehen bost minutuetan Bidasoak ez zuen lortu gol bakar bat ere sartzea. Zehaztasun faltek abantaila eman zioten Guadalajarari, 0-3koa ezartzeko. Hala ere, azkar erantzun zuen etxeko taldeak eta 5-5ekoa ezartzea lortu zuten, baita markagailua iraultzea ere. 5-1eko partziala eginda, 10-7koa lortu zuten bidasotarrek 21. minutuan, aurkariari hutsartea eskatzera behartuz. Madrildarrak bi golera murriztuko zuten irundarrekin zuten aldea, baina ez zuten lortu alde hori deuseztatzea. Eraginkorrak izan ziren etxekoak eta, 5-3ko partzialari esker, 15-12ko emaitzarekin joan ziren bi taldeak atsedenaldira.
Bigarren zatian, Bidasoa sendoago kantxaratu zen eta lehen minutuetan, bortz goleko errenta lortu zuen (24-19, 40. min). Hala ere, Gualajarak bere indarra erakutsi zuen eta 0-3ko partzialarekin erantzun, Alex Mozas hutsartea eskatzera behartuz. Hortik aitzinera, Skrzyniarz nabarmendu zen atean eta geldiketa garrantzitsuak egin zituen. Horrez gain, erasoan fin ibili ziren bidasotarrek eta bortz goleko aldea berreskuratu zuten berriz ere azken hamar minutuetan (29-24). Guadalajarak berriz ere hiru golera murriztu zuen aldea azken hiru minutuetan (33-30), baina ez zuen Bidasoaren garaipena zalantzan jarri. Hiru geldiketa eginda eta bertze gol bat sartuta, 34-31ko emaitzarekin bukatu zen partidua, etxekoen alde.
Bi puntu gehiago batuta, sailkapeneko hirugarren postuan kokatu da Bidasoa, 9 punturekin. Orain, atsedenaldi txiki bat izanen du taldeak, nazioarteko hitzorduek behartuta eta azaroaren 8an bueltatuko da lehiara, Nexus Energia ASOBAL Ligako partiduarekin. Torrelavega bisitatuko du orduan, 18:30ean.