Irudek Bidasoa Irun denboraldiko helburua lortzeko atarian gelditu zen
Errege Kopa jokatu da asteburuan Artalekun eta Barça izan da berriz ere garaile. Hala ere, final laurdenetara sailkatutako bertze zazpi taldeek ibilbide bikaina egin dute, tartean Irudek Bidasoa Irunek. Denboraldiko helburua lortu ez bazuen ere, finalerdietara sailkatu zen aurtengo lan ona borobilduz. Final laurdenetan, Batcho Torrelavega garaitzeko gai izan zen talde irundarra (31-28), baina finalerdietan, huts egin zuen Ademar Leonen kontra eta finalera txartela galdu zuen euren kontra, Europarako txartelarekin batera.
Bi neurketak ere parekatuak eta estuak izan ziren, eta hori 60 minutuak bukatzean izandako emaitzek islatzen dute. Izan ere, ortziralean 24ra berdinduta bukatu zuten Bidasoak eta Torrelavegak, luzapenera ailegatuz. Luzapenean izan zen lehiarik estuena, nahiz eta etxekoek ongi neurtu indarrak eta markagailua bereganatlu, 31-28koarekin bukatzeko eta txapelketan aitzinera eginez. Larunbatean berriz, bertzelako askaera izan zuen Ademar Leonen kontrako finalerdiak. Erritmo biziarekin hasi zuten bi taldeek partidua, etengabeko gol trukearekin, baina Bidasoak aitzinetik jartzea lortu zuen (10-9). Alex Mozasen taldeak bere alderik onena erakutsi zuen atsedenaldira bidean, erasoetan eraginkorra izanda eta geldiketa garrantzitsuak ere eginda. Horrela, 17-14koarekin ailegatu ziren lehen zatiaren bukaerara.
Azken ordu erdian, aurkaria sutsuago kantxaratu zen, garaipena lortzeko asmo garbia zuela. Erritmo biziko erasoak egin zituen, baita defentsa oldarkorra erakutsi ere. Desabantaila gol bakarrera murriztu zuten (19-18) eta gero eta zailtasun gehiago nabaritzen zituen etxeko taldeak, honi aitzin egiteko. Bidasoa saiatu zen berriz ere tartea irekitzen, baina ezinezkoa izan zen eta parekotasun handiz jokatu zuten bi taldeek. Hori emaitzan ere islatu zen, arauzko denbora bukatuta, 30-30ekoa baitzegoen ezarria markagailuan, berriz ere partidua luzapenera eramanez.
Luzapenean, Ademarrek bere defentsa irmoa erakutsi zuen, aurkariari ezinezkoa eginda horren zeharkatzea. Erasoan berriz, fin ibili ziren leondarrak eta, gol bakarreko aldearekin izan bazen ere, garaipena eskuratu zuen talde bisitariak (34-35), Errege Kopako finalera sailkatuz. Denboraldiko helburua bete gabe bukatu zituen aurtengo hitzorduak Bidasoak, baina hala ere, honek ez du iluntzen larunbatera bitarteko ibilbide guztian lortutakoa. Europako Txapelketan, baita Plenitude ASOBAL Ligan ere, lehiakor aritu dira eta emaitza onak bildu dituzte. Nortasuna erakutsi dute, betiko moduan, eta horrela segituko dute lanean ere 2025/26 denboraldiari begira.