Irudek Bidasoa Irun Egiako Nazioarteko XXX Txapelketako txapeldunorde

2025/08/25
Talde irundarrak Cesson Metropole taldea gainditu zuen ortziraleko finalerdian (39-27), baina finalean ezin izan zuen Limogesen kontra irabazi. Gol bakarragatik galdu zuen Bidasoak (39-38) eta Frantziako taldeak jantzi zuen aurtengo txapela, Alex Mozasen jokalariak txapeldunorde bilakatuta.
Irudek Bidasoa Irun Egiako Nazioarteko XXX Txapelketako txapeldunorde

Irudek Bidasoa Irun Egiako Nazioarteko Txapelketaren laugarren txapela janztetik hurbil gelditu zen asteburuan. Lehiaketaren XXX. edizioa ospatu zen Egiako Kiroldegian eta talde irundarra finalera ailegatu bazen ere, ezin izan zuen Limoges gainditu. 39-38ko markagailu estuarekin bukatu zen partidua, frantziarren alde, eta beraz, Jon Azkueren taldea izan zen txapela jantzi zuena. 

Ortziralean, abuztuaren 22an, hasi zen Egiako Nazioarteko XXX. Txapelketa. Irudek Bidasoa Irunek Cesson Metropole izan zuen lehen aurkari finalerdietan, eta 39-27ko markagailuarekin finalerako txartela lortu zuen irundarrak. Biharamunean, abuztuaren 23an, Limogesen kontrako finala jokatu zuen Bidasoak, laugarren urtez segidan txapela janzteko helburu garbiarekin. Partidu ziraragarria jokatu zuten bi taldeek eta azken segunduan erabaki zen garaipena, kasu honetan, frantziarren aldekoa izan zena. 

Neurketa hasi eta berehala nabaritu zen intentsitatea eta garaipena eskuratzeko grina bi taldeek aldetik. Gol-trukea etengabekoa izan zen lehen minutuetan eta berdinketa zen nagusi. Hala ere, Limogesek, poliki-poliki, aldea irekitzen joan zen. Hasieran, alde txikiak ziren, gol bakarrekoak. Hala ere, minutuak aitzinera joan ahala, errenta areagotu zen eta gol bakarreko tartea laukoa bilakatu zen lehen zatiaren bukaeran. 

Bigarren zatian, 17-21eko markagailua zutela, Alex Mozasen taldea erantzun beharrean zegoen. Bidasoak defentsan estutu zuen eta bi golera murriztu zuen Limogesek irekitako tartea (24-26). Hori guti balitz, berdintzea ere lortu zuen talde irundarrak, 27nako markagailua ezarriz. Berdinketa hori mantendu ahal izan zuten partidu bukaera bitarte eta, hain zuzen ere, azken segunduetan erabaki zen garaipena zeinen alde eroriko zen. Tentsioz betetako bukaera jokatu zen Egia kiroldegian eta azken baloia jokoan zegoela, bi taldeek zituzten aukerak irabazteko. Azkenik, frantziarrek azken jokaldia ongi kudeatu eta garaipena eskuratu zuten, 39-38ko behin-betiko markagailuarekin. 

Txapeldunorde bilakatuta, entrenamendu ezin hobea izan zuen Irudek Bidasoa Irunek Egiako Txapelketa. Izan ere, heldu den asteburuan, abuztuaren 30ean, EHF European Leagueko Qualification Roundeko joaneko partidua jokatuko du taldeak, etxean, Bragaren kontra, benetazko lehiari hasiera emanez.